AKTUALITATEA


| 2019-11-28 18:04:00

EH Bilduk proposatuta, Legebiltzarra Arabar Errioxa marka berreskuratzearen alde agertu da gaur, eta Jaurlaritzari eskatu dio lanean segi dezala helburu horrekin, elkarlanean Guardia-Arabar Errioxako Kuadrilarekin eta Arabako Foru Aldundiarekin, eta baliabide juridiko eta tekniko guztiak erabil ditzala marka berreskuratzeko. Izan ere, Errioxa Jatorrizko Deitura Kalifikatuaren Kontseilu Arautzaileak 2017an erregistratu zuen marka Europan.

Eva Lopez de Arroyabe EH Bilduko legebiltzarkideak marka berreskuratzearen garrantzia azpimarratu eta lapurretatzat jo du Kontseilu Arautzailearen jokaldia. “Marka baten lapurreta batetik harago doa, lurralde baten, nortasun baten eta bost mendeko historia baten lapurreta baita”.

Lopez de Arroyabek ohartarazi duenez, eskualdean egoera desesperatua da: aurten, adibidez, 20 bodega familiar itxi dira eta 1996tik hona garai hartan zabalik zeuden 720 haietatik erdiak baino ez dira geratzen. Hori horrela, legebiltzarkideak EH Bilduren babesa adierazi die berriro Kontseilu Arautzailean Arabar Errioxako ardoak marka propio batekin bereizi beharra aldarrikatzen duten bodega familiarrei. “Jatorrizko deitura berri bat, Arabako Mahastiak, kalitatean oinarritua eta ez kantitatean, Kontseilu Arautzailearen estrategiatik aldenduta”. Izan ere, “bodega eta enpresa handiek kontrolatzen dute Kontseilua, eta honen estrategia bateraezina da lurrari, herrien kohesioari eta jasangarritasunari lotuta dagoen eredu familiarrarekin”.