AKTUALITATEA


| 2019-05-02 15:59:00

EH Bilduk proposatuta, Legebiltzarrak ponentzia bat sortuko du Aiaraldean suspertze sozioekonomikoa bultzatzeko, eskualde horrek bereziki pairatu zituelako, lehenago, industria-birmoldaketaren ondorioak eta, gero, azken krisi ekonomikoarenak. Osoko Bilkurak hala onartu du gaur aho batez, Eba Blancoren ekimenari jarraituz. Legebiltzarkide independentistak gogorarazi du azken urteotan enpresa asko desagertu direla Aiaraldean eta horrek ekarri duela bertako langabezia tasa EAEko altuenetariko bat izatea, batez ere emakume eta gazteen artean, lan prekarietatea eta despopulazioa, ahaztu gabe enpresen deslokalizazioaren mehatxua etengabea dela. Aiaraldea honako udalerri hauek osatzen dute: Laudio, Amurrio, Aiara, Artziniega eta Okondok, Araban, eta Urduña, Orozko, Arakaldo eta Arrankudiagak, Bizkaian.

Blanco Aiaraldeko EH Bilduko koordinatzailea da eta nabarmendu du eskualdearen egoera sozioekonomiko larriak neurriak hartzea eskatzen duela ezinbestean; hori dela eta, premiazkotzat jo du ponentzia parlamentarioa sortzea Aiaraldeko eragile sozial, sindikal, ekonomiko, politiko eta instituzionalekin batera, elkarlanean, bertako egoera aztertzeko eta konponbideak planteatzeko, gainbehera sozioekonomikoa iraultzeko. “Derrigorrezkoa da pobreziari, langabeziari, inbertsio faltari, enpresen itxiera eta deslokalizazioari aurre egitea. Aiaraldean berehalako neurriak hartzea ahalbidetuko duen talka plan bat behar dugu lehenik eta behin eta, luzera begira, plan estrategikoa ere behar dugu garai berrietara egokitutako eredu industrial eta ekonomiko baten aldeko apustua egiteko, betiere kontuan hartuta lehenengo eta hirugarren sektoreak”.

Blancok gogora ekarri du “Parlamentuak beste ponentzia bat eratu zuela pasa den legealdian –hori ere EH Bilduk proposatu zuen– Ezkerraldea, Meatzaldea eta Oarsoaldea eskualdeen egoera sozioekonomikoa aztertzeko eta suspertze neurriak proposatzeko, eta emaitzak onak izan ziren”. Bada, “orain Aiaraldeak ere arreta berezia merezi eta behar du Legebiltzar eta Jaurlaritzaren aldetik, bere egoera sozioekonomikoa bereziki larria delako, adierazle ekonomiko nagusiek hala erakusten baitute”.