AKTUALITATEA


| 2019-11-29 12:23:00

Arabako landa eremuko arreta hobetzea, adinekoentzako plaza publikoak sortzea, bazterketa sozialari erantzutea eta  egoitza pribatuetako langileen lan baldintzak hobetzea dira datorren aurrekontu eztabaidari begira EH Bilduk ezarri dituen lau lehentasunak. Horrela azaldu du gaur EH Bilduko batzarkidea Claudia Venceslaok. Berak iragarri duenez, Foru Gobernuari arlo horretan 2,6 milioi euroko igoera jasotzen duen proposamena igorriko zaio hurrengo astean. “Proiektuaren aurkezpenean gabezia ugari dituen saila horretatik gainetik pasa zela Foru Gobernua esan genuen eta gabezia horiei erantzuteko aurrekontuetan konpromiso sendoak behar dira”, azaldu du Venceslaok.

 

Horrela, EH Bilduk 800.000 euro zuzendu nahi ditu zerbitzu sozialen mapa gauzatzeko 20.000 biztanletik beherako udalerrietan, hori baita aurreko legealditik egin gabe gelditu zen ekimen inportante bat. “Gure ustez, herriek autonomia eta subiranotasun handiagoa izan behar dute euren udalerrietan ezarri nahi dituzten errekurtso sozialen gainean landa eremuan bizi diren arabarrak diskriminatuak ez egoteko. Arabako Foru Aldundiak Gasteizko Udalari herrian hainbat zerbitzu sozial garatzeko aurrekontu saila ematen zaion bezala, bestelako udalerrietan gauza bera egin behar dela pentsatzen dugu. Horregatik, euren beharren arabera errekurtsoak abian jartzeko partida bat sortzea proposatzen dugu”, azaldu du EH Bilduko batzarkideak.

 

Bestalde, Arabako Egoitza Pribatuen Herrialdeko I Hitzarmena sinatzeko milioi euro zuzentzea proposatu du EH Bilduk. Bere aburuz, “lehentasunezko” arazoa izan beharko litzateke egoitza pribatuetan lan egiten duten langileen lan baldintza duinak bermatzea. Era berean, EH Bilduk plaza publiko gehiago sortu behar direla defendatu du. Helburu horrekin 500.000 euroko zuzenketa eta 1,5 milioi euroko konpromiso kredituetan aurkeztuko ditu San Prudentzio egoitzan 50-70 plaza publiko berri egiteko. “Kezka handik ikusten dugu urtez urte nola handitzen diren zerbitzuari lotutako diru laguntzak, hau da, egoitza pribatuetara joateko ematen diren txekeak eta egoera horri buelta eman behar zaio”, esan du Venceslaok.

 

Azkenik, EH Bilduk bazterketa soziala nabarmendu du. Izan ere, argitaratu berri den FOESSA EUSKADIren II Txostenaren arabera, hurrengo krisi ekonomikoan integratuta dauden 360.000 herritar bazterketan eroriko dira Euskal Autonomi Erkidegoan eta, dagoeneko, 194.000 herritar dauden pobrezia latzean. Hori dela eta, EH Bilduk 300.000 euroko zuzenketa egingo dugu lehen azterketa bat egiteko. Azterketa horrek lekuak eta errekurtsoak definitu beharko ditu, ondoren, hau da, 2021ean garatzeko. Horretarako, miloi bateko konpromiso kreditua jaso da proposamenean.