AKTUALITATEA


| 2019-04-07 18:49:00

EH Bilduk Asparrenako Udalerako hautagaitza aurkeztu du gaur. Zerrendaburua egungo alkatea Txelo Auzmendi da eta berarekin batera, gaur egungo udal gobernukideak diren Inma Albizu eta Gotzon Lopategik jarraitzeaz gain, Dani Sanchez, Tere Zufiaur, Conchi Fernandez, Aitziber Martinez de Ilarduya, Joseba Almiñana, Javi Saenz, Eva Garcia de Albeniz, Saioa Urteaga eta Javi Samaniegok osatzen dute zerrenda. Aurkezpen ekitaldian legealdiaren balantze bat egiteaz gain, hurrengo legealdirako proposamenak azaldu ditu. Auzmendik arreta berezia eskaini dio zerbitzu sozialen atalari eta arlo horretan hainbat proposamen egin ditu: etxez etxeko laguntza zerbitzuaren kudeaketa Udalaren esku uztea, oinarrizko zerbitzu sozialak indartzea, 12-21 urte bitarteko gazteentzako esku-hartze komunitarioaren programa bat abian jartzea eta eguneko arretarako landa zentro berri bat egitea Barrundia, Zalduondo eta Donemiliagako udalerriekin batera.

Horrez gain, EH Bildu Asparrenak polikiroldegi zaharra zaharberritzea proposatzen du kirol eta kultura jardueratarako. “Frontoiak zuen eremu handian trinkete bat egingo dugu, rokodromo bat, jolasleku eta gazteleku bat, aterpe bat eta talde zein elkarteentzako lekuak –horrela eskatuz gero- baita Alipendi ikustera joaten direnentzako aterpe bat” zehaztu du Auzmendik. Era berean, eskola publikoaren eraikinaren isolamendu termikoaren erreforma, industria poligonorako sarbide berriak eta araztegian eguzki panelak jartzea planteatu ditu.

Asparrenako alkateak amaitzear dagoen legealdiaren balantze labur bat egin du eta hiru kontu nabarmendu ditu: adostasunetara heltzeko gaitasuna, udalerriko partehartzearen bultzada eta udalerria osatzen duten toki erakundeekin elkarlan estua. Energia-eraginkortasunean egindako lana balioan jarri du eta Abiadura Handiko Trenaren aurka azaldu da berriz.

Azkenik, kudeaketa ekonomikoa aipatu du “inbertsio garrantzitsuak egin direlako – futbol zelaia eta ingurua, argiteriaren aldaketa, Andra Mari kalea, igerilekuetan konponketak, polikiroldegi berria, zinea, erabilera anitzeko aretoa…- eguneko lanak ahaztu gabe eta, batez ere, zorra erabili gabe”. Horri esker, Asparrenak etorkizuneko proiektuei aurre egiteko soberakina du.