AKTUALITATEA


| 2019-12-09 11:50:00

Kike Fernandez de Pinedo EH Bildu-ko Arabako Batzar Nagusietako bozeramaileak agerraldia eskaini du Foru Gobernuaren aurrekontuei osoko zuzenketa aurkeztuko diela iragartzeko. Hiru ardatz nagusi izango dituzte zuzenketok: gizarte-zerbitzuak, klima-aldaketaren aurkako borroka eta demografiaren erronka edo lurralde oreka. "EH Bildu-ri osoko zuzenketa aurkeztea besterik ez zaigu geratu, Foru Gobernuak, beste batzuetan ez bezala, negoziatzeko borondaterik ez duela erakutsi baitu. Komunikabideen bidez jakin dugu aurrekontuen proiektuaren berri ", azpimarratu du bozeramaileak.

Ingurumen atalean, Fernandez de Pinedok 1.000.000 euroko partida proposatu du energia berriztagarriak ezartzeko, baita hiru zatitan banatuta dagoen beste milioi bat ere: etxebizitzetan energia fotowoltaikoa ezartzeko laguntzak (300.000 euro), biomasarako laguntzak (200.000 euro) eta klima aldaketaren aurkako neurri zehatzak ezartzeko beste 300.000 euro. "Ez da posible klima-aldaketaren aurkako borrokan 2017koaren antzeko kopurua ematea –aurrekontuaren%0,1a–: benetako etsipena da. Inbertsio guztietan ez diogu inolako aipamenik ikusten klima aldaketaren aurkako borrokari: larrialdi betean, ezin da beste aldera begiratu", deitoratu du Fernandez de Pinedok. Ildo horretatik, hondakinen arloan lortu nahi diren helburuak lortzeko -batez ere gaikako bilketa eta hondakin organikoen zerbitzuari dagokionez- Fernandez de Pinedoren ustez 'funtsezkoa da enplegu berdea sortzea, benetako aldaketak egon daitezen'. Azken atal horretarako, bi milioi euro gehiago eskatu ditu EH Bildu-k.

EH Bildu-k salatu duenez, nahiz eta hasiera batean despopulatzearen aurkako borroka –orain erronka demografiko deitzen diote – lehentasuna izan behar zen, Foru Gobernuak 900.000 euro baino ez dizkio bideratu nahi honi, eta horren erdia Izkiko golf zelaiaren galeren konpentsazioa izanda. "450.000 euroko galeren konpentsazioa planteatzen dugu, kopuru hori erronka demografikoaren ataletik kenduz". Bozeramaileak, ordea, lurraldeko tokiko erakundeak biziberritzeko estrategia bat planteatu du, milioi bat euroko balioa duena, eta bi partida zehatzetan banatzen dena: 900.000 euro, herriak biziberritzeko eta gizarte kohesioa hobetzeko ekintza endogenoak sustatzeko, eta beste 100.000 euro tokiko erakundeak biziberrituko dituen talde dinamizatzaile bat martxan jartzeko.

Gizarte zerbitzuen arloan, Fernandez de Pinedok gogorarazi du Claudia Venceslao prokuradoreak jada iragarri zuela 800.000 euro bideratzea planteatzen dutela Arabako 20.000 biztanletik beherako udalerrietan gizarte zerbitzuen mapa ezartzeko, joan den legegintzalditik lurraldeak gainditu gabe duen irakasgai handia izanda. Guztira, EH Bildu-k 2,6 milioi euroko proposamenak helaraziko dizkio Foru Gobernuari, besteak beste, Arabako Egoitza Pribatuen I. Probintzia Hitzarmena sinatzeko milioi bat euroko partida bat sortuz. "Funtsean, herrietan gizarte zerbitzuak bultzatzea eta egoitzetako emakume langileen lan baldintza eskasak hobetzea bilatzen dugu", laburbildu du.

Gasteiz eta Miranda artean ere Arabatran lehen fasea ezartzea eskatuko du EH Bildu-k, baita milioi bat euro ere, "lurraldeari hainbeste falta zaizkion" trantsizioei mesede egingo dieten neurri ezberdinetarako.

Azkenik, EH Bildu-k beste zuzenketa batzuk ere eman ditu ezagutzera, "Araba berri baterantz aurrera egin nahi badugu ezinbestekoak direnak". Horietako bat 908.153 euroko partida bat da, Batzar Nagusietan datorren urtean aurrekontuaren %0,7a lankidetzara iristeko adostutako erronka lortzeko. Bestalde, Fernandez de Pinedok adierazi du ez duela ulertzen "aurrekontu osoan LGTBI+ politiketarako partida bakar bat ez egotea". Horretarako, EH Bildu-k 30.000 euroko partida bat proposatu du kolektibo horren beharrei erantzuteko, 100.000 euro gehiago euskararentzat, 100.000 euro gehiago indarkeria matxistaren aurka borrokatzeko, beste 100.00 euro kultura planerako eta, besteak beste, 60.000 euro Adikzioen prebentziorako. Fernandez de Pinedok ez du amaitu nahi izan gogorarazi gabe Arabak "benetako aldaketak" behar dituela tokiko erakundeen finantzaketan eta fiskalitatean, "politika horiek garatzeko beharrezkoak diren diru sarrera batzuk ziurtatzeko".