AKTUALITATEA


| 2020-03-26 19:18:00

Pedro Elosegi (EAJ) Arabako Batzar Nagusietako presidentea EH Bildu-k egindako eskaeraren aurka agertu da; bertan, Bozeramaileen Batzordearen deialdia eskatzen zen, Krisi Mahaiaren sorrerari buruz eztabaidatzeko.

Presidenteak argudiatu duenez, "xedea ez da beharrezkoa oraindik”. EH Bildu-k, ordea, biziki deitoratu du hori: "Gure ustez, osasun eta gizarte alarmaren egoera larri eta ezezagunak guztiok batera lan egitera behartzen gaitu, Arabako gizarte osoaren mesedetan. Gure asmoa adostasunerako eta elkarlanerako egitura bat sortzea zen, eta ez konfrontazio politiko eta ideologikokoa".

EH Bildu-ren asmoa Krisi Mahaia Bozeramaileen Batzordea bera izatea da, egungo osaerarekin, Foru Gobernua barne, non eta kideren batek berariaz uko egiten ez dion. Mahai hori gutxienez astean behin bilduko da, eta aparteko deialdia egin ahal izango da Foru Aldundiak edo bi batzarkide taldek hala eskatuta.

Kike Fernandez de Pinedo EH Bildu-ren Batzar Nagusietako bozeramaileak adierazi duenez, bere formazioari zuzena iruditzen zaio Ahaldun Nagusia hainbat eragile ekonomikorekin biltzea, martxoaren 23an egin zuen bezala. Horrez gain, egunotan izandako telefono bidezko kontaktu informalak eskertu ditu, baina ez du ulertzen "Diputatu Nagusiak zein EAJ-k uko egin izana astero Batzar Nagusietako talde guztiekin bilerak egiten dituen krisi-mahai bati, informatzeko, laguntzeko eta ekarpenak egiteko".

Zentzu horretan, Fernandez de Pinedok EH Bildu-ren jarrera berretsi nahi izan du: "Elkarlanerako garaia da, eta ez protagonismoarena: eskua zabalik izaten jarraitzen dugu, eta lanean jarraituko dugu horrelako esparru bat ahalik eta lasterren gaitzeko".