Xabi Valdor EH Bildu taldeko batzarkideak Arabako herritarrek jokoaren eta apustuen arazoari aurre egiteko duten babesari buruz hitz egiten osatu du legealdiko haren lehen hitzartzea. "Erakundeok autokritika egin behar dugu, arazoak konponbide zaila duelako: zorionez, gure herrian oso gizarte aktiboa dugu, eta kolektibo batzuek behar bezala landu dute arazoa".
Valdorrek defendatu duenez, foru titulartasuna duten lokal guztietan joko eta apustu enpresen publizitatea eta sustapena debekatu behar du Aldundiak, Araban ere arazo honi aurre egitea posible dela argudiatuz. "Prekarizatutako sektoreak dira kaltetuenak: pertsona migratuei eta gazteei buruz ari gara. Sistemak gutxien dutenei sinestarazten die zorte oneko bolada batek putzutik aterako dituela eta, bitartean, apur batzuek interesak aterako dituzte etsipen horretatik ", adierazi du.
Ganberako alderdi guztiek onartu dute EP-ek aurkeztutako mozioa, non EH Bildu-k defendatutako puntuak kontuan hartu diren.
"Arabako Errioxaren etorkizuna ezin da enpresa handiak nagusi diren talde pribatu baten menpe egon"
Bestalde, PP-k Errioxako DOC izendapenari buruz aurkeztutako mozioari EH Bildu-k zuzenketak aurkeztu dizkio. Kike Fernandez de Pinedo bozeramaileak Errioxako DOC-aren Kontseilu Arautzaileari eskatu dio Kontseilu Arautzailearen Osoko Bilkuran Arabako Aldundia sartzeko. "Kontseilu arautzailean, Arabak 200 upeltegitatik 17 boto baino ez ditu, eta 40 upategik –guztien %5ak – produkzioaren %83a kontrolatzen dute. Ez badugu ezer egiten, urte gutxiren buruan %95a kontrolatuko dute".
Horrez gain, Arabako ardogintzaren interes ekonomiko eta sozialak defendatzeko, Batzar Nagusiek Kontseilu Arautzailean jarrera proaktiboa izan dezatela eskatu dio EH Bildu-k Eusko Jaurlaritzari. "Upategi txikiek babesik ez badute, azken urtean bezala beste 20 familia-upategi galduko ditugu berriro", aurpegiratu die Fernandez de Pinedok Foru Gobernuko alderdiei.
Testuinguru honetan, Batzar Nagusiek Arabako ardo-sektorea aintzat hartzeko eta Arabako Errioxako ardogintza-upategiek hartzen duten edozein erabaki errespetatzeko eskatu du EH Bildu-k.
Azkenean, Foru Gobernuko alderdiek, EAJk eta PSEk, eragotzi egin dute mozioak aurrera egitea.