Araba

Albisteak

EH Bildu-k Araban Krisi Mahai bat sortzea eskatu du, COVID19ak sortutako krisiaren ondorioei talde politiko guztien artean heltzeko


Kike Fdz. de Pinedo: "Osasun eta gizarte alarmako egoera larri eta ezezagunak guztiok batera lan egitera behartzen gaitu, Arabako gizarte osoaren mesedetan. Adostasunerako eta elkarlanerako egitura bat sortu nahi dugu, eta ez konfrontazio politiko eta ideologikokoa"

| 2020-03-17 11:08:00

EH Bildu-k Arabako Batzar Nagusietako presidenteari eta Arabako Ahaldun Nagusiari eskatu die Arabako Lurralde Historikoan Krisi Mahai bat sor dezatela, talde politiko guztien artean COVID19ak sortutako krisiaren ondorioei heldu ahal izateko. Horretarako, Bozeramaileen Batzordea ahalik eta lasterren biltzeko eskatu du.

"Osasun- eta gizarte-alarmaren egoera larri eta ezezagunak guztiok batera lan egitera behartzen gaitu, ordezkatzen dugun Arabako gizarte osoaren mesedetan, alarma-egoera soziosanitario hori ahalik eta denbora laburrenean gainditzea lortzeko eta ahalik eta giza kostu txikienarekin eta sektore ahulenei arreta berezia eskainiz", adierazi du Kike Fernandez de Pinedo bozeramaileak.

Osaketari dagokionez, EH Bildu-k planteatu du Krisi Mahaia Bozeramaileen Batzordea bera izatea, gaur egungo osakerarekin, kideetako batek berariaz uko egin ezean. Mahai hori gutxienez astean behin bilduko litzateke, eta, ez-ohiko moduan, Foru Aldundiak edo bi batzarkide taldek eskatuta deitu ahal izango litzateke.

EH Bildu-ren ustez, mahai horrek Arabako krisi soziosanitarioaren bilakaeraren jarraipena egiteko eta astero Foru Gobernuaren kudeaketatik deskargu bat egiteko balio behar du, orain arte garatutako neurrien ebaluazioa egitearekin batera. Gainera, mahaiari esker, krisi soziosanitarioa geldiarazteko eta haren ondorioak arintzeko balizko ekimen berriak azter litezke, betiere Foru Aldundiaren eskumenen esparruan: ekimen berri horiek Batzarkide Taldeek ere aurkeztu ahal izango dituzte.

"Atzo bertan, Arabako Ahaldun Nagusiak eskertzen zuen laguntzeko dugun prestutasuna, baina prestutasun hori orain arte planteatzen diren tresnetatik askoz haratago doa. Horregatik, adostasunerako eta elkarlanerako egitura bat sortu nahi dugu, eta ez konfrontazio politiko eta ideologikokoa, Arabako gizarte osoarentzat inoiz ikusi ez den une historiko batean partekatutako erantzukizunetik abiatuta ", adierazi du Fdz De Pinedo.