AKTUALITATEA


| 2019-11-19 10:21:00

Kike Fernandez de Pinedo EH Bildu-ren Arabako Batzar Nagusietako bozeramaileak agerraldia eskaini du Foru Gobernuak aurkeztutako aurrekontu proiektua baloratzeko. Oro har, EH Bildu-k salatu du proiektu hori “kontinuista, anbiziorik gabekoa eta politika sozialetan eta klima-aldaketaren aurkako borrokan dauden beharrei" erantzuten ez diela salatu du. Balizko babesei buruz, Fernandez de Pinedok kritikatu du aurrekontuak aurkeztu aurretik inolako kontakturik izan ez izana, edozein aurrekontu akordio lortu nahi denean egin ohi den moduan.

Aurrekontu-zenbakiei buruzko edukian sartu baino lehen, EH Bildu-ri deigarria egin zaio ehunekotan Estatuari kupo bidez egiten zaion ekarpena Eusko Jaurlaritzarena baino gehiago handitzea: "Kezkatzen gaitu kupoa kontrako norabidean izan beharko lukeen egoera batean hazten jarraitzeak".

Ahaldun Nagusiak urte honetan errepikatu du diru-bilketa historikoa aurreikusten zela, baina EH Bildu-rentzat "ez du ezer historikorik". Gora egiten du, baina oso gutxi, eta gainera, Fernandez de Pinedoren arabera, "desorekak handituz egin du gora, diru bilketaren gehiengoa langile klasearen errentei dagokielako".

Aurrekontuei dagokienez, azken urteetako igoerarik txikiena dela kontuan hartuta, EH Bildu-k uste du "geldialdi argia" dagoela: "Behar sozialak handitzen diren testuinguru batean, 500 milioiko zorra dago. Foru gobernu geldi eta geldi bat ikusten dugu".

"Politiketan jarraikortasuna, berrikuntza gutxi eta anbizio falta ikusten ditugu. Ildo horretan, iragarri zitzaigun Foru Gobernu berriaren erronka nagusiak gizarte-kohesioa, lurralde-despopulazioaren oreka eta klima-aldaketaren aurkako borroka zirela. Bada, gizarte zerbitzuetan ez dugu ikusten garrantzizko aldaketarik, ezta berrikuntzarik ere, oihuka aldaketak eskatzen dituen sail batean".

Herriak, ahaztuta

Lurralde orekaren atalean igoera txiki bat baino ez dago, "argi eta garbi eskasa" tokiko erakundeen finantzaketari dagokionez. "Despopulazioaren aurkako borroka lehentasun bat izango zen; bada, orain erronka demografiko deitzen diote, eta 900.000 euro bideratzen dituzte horretarako; horietatik erdia Izkiko golf zelaiko galeren konpentsazioak eramaten du, eta gainerakoa ikerketa eta gastu informatikoak dira. Benetako etsipena, atalari aurrekontuaren %0,1 baino gutxiago eskaintzen baitzaio”.

Gainera, mugikortasunean eta kultura- eta kirol-ekipamendu inbertsio berriak sartzen dira, ia guztiak Gasteizen zentratuta: Salburua tranbia, hegoaldeko tranbia, BEI eta kotxetegiak, Auditorioa, Antzoki Zaharra eraberritzea, Mendizorrotza zelaia handitzea. Horietako batzuen inguruan, EH Bildu-k ezer ez dakiela salatu du: "Gauza bat esan eta betikoa egiten jarraitzen dute".

Klima-aldaketari dagokionez, ikus daiteke 2017koaren antzeko kopurua erabiltzen dela –600.000 euro baino zertxobait gehiago, aurrekontuaren %0,1a–, energia berriztagarrien aldeko apustua

%50a murriztuz eta biomasarako laguntzak kenduz. Fernandez de Pinedorentzat "benetako etsipena da. Inbertsio guztietan ez diogu inolako aipamenik ikusten klima aldaketaren aurkako borrokari: larrialdi betean, ezin da beste alde batera begiratu".

Amaitzeko, EH Bilduk jarraikortasuna baino ez du ikusten gainerako sailetan. "Nekazaritzan, premiazko aldaketak behar dituen departamendu batean, aurreko urteetako inertziak jarraitzen direla ikusten dugu". Fernandez de Pinedok deitoratu egin du Araba Europaren ilara amaieran egotea, lurraldeari lotutako ustiapen-ereduen alde egin gabe. "Nekez egin ahal izango dugu aurrera etorkizuneko plan bati aurre egin gabe, besteak beste, Barrongo urtegiarekin zerikusia duten ureztatzeetan inbertsio garestiekin jarraitzen badugu", ondorioztatu du.