AKTUALITATEA


| 2019-10-09 13:02:00

Araban legealdiaren amaieran, hau da, 2023an, araudia bete eta garapen lankidetzarako aurrekontuaren %0,7ko helburua betetzeko igoera progresibo bat proposatu du EH Bilduk urriaren 9ko osoko bilkuran. PNV-k, PSE-k eta PP-k, ordea, kontra bozkatu dute. Iraila hasieran erroldatu zuen mozio batean eman zuen EH Bilduk ekimenaren berri eta, bertan, Euskadiko GGKEen koordinakundearen eskaerari erantzun zitzaion.

Gaur egun, Arabako Foru Aldundia kantitate horretatik oso urrun dago. 1970ean ezarri zuen kopuru hori NEBetako Batzar Orokorrak eta Garapenerako Euskal Legeak ere jasotzen du. Hala ere, 2019an foru aurrekontuek %0,31a baino ez dute zuzendu horretarako.

EH Bilduko batzarkidea den Manu Rezolak azaldu duenez, 2008an garapen lankidetzan %0.65 inbertitzen bazen, orain soilik %0,31a gastatzen du Foru Gobernuak. “Urtez urte portzentaiari %0,11a igoz gero 2023an %0,7a lortuko dugu eta orain inbertitzen diren 1,5 milioi euroen aurrean, 4,2 milioi euro lortuko dira”, zehaztu du.

Izan ere, Mediterraneon eta Amerikako Estatu Batuetako mugan biziten ari garen krisi humanitarioek agerian utzi dute garapenerako bidean dauden herrialdeek soluzio iraunkor bat behar dutela euren herritarrei bizitza duinak eskaintzeko.

Aldaketa klimatikoaren aurrean, konpromisoak behar dira

Eusko Legebiltzarrean hasi zuen bideari jarraituz, Arabako Batzar Nagusietan egungo krisi klimatikoari buruz eta Arabako Foru Aldundiak garatutako gainerako politika sektorialetan klima-aldaketaren aurka borrokatzeko politikak efektiboki jasotzeko mozioa babestu du EH Bilduk.

Hala ere, haratago joan da EH Bildu taldea, Kike Fernandez de Pinedo bozeramaileak babestu duenez: egoeraren larritasuna kontutan izanda, jomuga 2040.urtean izan behar da.

“Arazoa existitzen da. Alarma piztu da. Kezka areagotu da eta ez soilik gazteen partetik gainera”, adierazi du Fernandez de Pinedok. Hori dela eta, Diputazioaren politika guztietan klima larrialdia txertatzea ezinbestekotzat jo du taldeak.

“Tren sozial gehiago eta AHT gutxiago behar ditugu. Zentzu honetan, gaurkoa ezin da deklarazio huts batean geratu: zientifikoek eskatze diguten bezala, konpromisoak behar ditugu eta hor, Arabako Diputazioa aitzindari izan beharko litzateke. Konpromisoak badaude, alboan egongo gara. Greenwashing huts batean geratzen bada, ez”