AKTUALITATEA


| 2019-04-24 13:34:00

EH Bilduk gaur Amurrion nabarmendu du “ezinbestekoa” dela inork “ahotsa altxatzea” Altsasuk eta Amurriok pairatu dituzten injustizien aurrean. Arabako EH Bilduren Senaturako zerrendaburua Garazi Dorronsorok esan du gaur goizean egindako agerraldian. “Ezinbestekoa ahotsa altxatzea, baita Kongresuan eta Senatuan ere, gazteria espetxeratzen duen Estatuaren injustizien aurrean; Altsasun taberna batean liskar baten ondorioz, Amurrion Udaletxeko balkoira kartoizko panpin bat ateratzeagatik edo Amurrion bertan errotulatzaile batekin margo bat egiteagatik. Hori guztia etxean armategi izan eta bere bizilagunak tirokatzen dituen polizia ohi baten aurka inolako neurririk hartzen ez duen bitartean. Hori dela eta, ezinbestekoa ahotsa altxatzea eta EH Bilduk ez badu egiten, ez du inork egingo”, esan du Dorronsorok.

 

Ildo horretan, EH Bilduko hautagaiak azpimarratu du “EH Bilduren ordezkaritza ezinbestekoa dela Madrilen euskal herritarrak eta, bereziki, gazteria defendatzeko Euskal Herrian zein Katalunian disidentziatzat hartzen duen guztiaren aurka Estatu espainiarraren eraso bihozgabekoen aurrean”.

 

Bestalde, Dorronsorok gogoratu du laugarren diputatua jokoan dagoela Espainiako eskuina eta EH Bilduren aurrean. “Ez dugu zalantzarik arabar gizarteak badakiela nork ordezkatuko duen hobeto Madrilen. Horregatik, EH Bildurako botoa eskatzen dugu, euskal eta arabar jendartea defendatu eta babestuko duelako”, gaineratu du.