AKTUALITATEA


| 2020-04-02 10:45:00

Udalak hartu dituen neurrien artean daude egoitzak ixtearena, antolatuta zeuden ekintzak bertan behera uztearena edo zerbitzuak murriztearena. Elorza alkateak dio ez direla erabaki errazak izan, baina ezohiko egoera batean, ezohiko neurriak hartu behar izan dituztela, herritarren osasuna bermatzeko. 

Elkar-zaintza, herrigintzaren oinarri

Elkar-zaintzarako hartutako neurriak ere aipatu nahi izan ditu alkateak. Boluntario sare bat sortu da herrian beharra dutenei laguntza eskaintzeko, besteak beste: lehentasunezko elikagaiak eskuratzeko, botikak erosteko, hondakinak ateratzeko, zaintzarako edo elkarrizketa bat izateko. Elorzak herritarrek erakutsitako prestutasuna goraipatu nahi izan du, izan ere, 100 herritarretik gora azaldu dira prest boluntario gisa aritzeko. 

Hala, alkateak dei egin die behar bereziak dituztenei saretuz@onati.eus helbidera idazteko edo 688 886 519 deitzeko.

Udaletik etxez etxe deika ere badabiltza beharrizan bereziak dituzten pertsonak identifikatzeko. Dagoeneko 1800 dei egin dira. Bakarrik bizi diren adinekoei deitu zitzaien hasieran eta 70 urtetik gorakoei ondoren. Asteon, guraso bakar direnei deitzen hasi dira.

Autonomo eta mikroenpresentzako laguntza

Autonomo eta mikroenpresei zuzendutako aholkularitza zerbitzua ere sortu du udalak, diru-laguntzen berri eman eta orientazioa eskaintzeko. Horretarako telefonoa honakoa da: 943 003 193. Edo enplegua@oinati.eus helbidera era idatz daiteke.

Indarkeria matxista borrokatzeko

Egoera zaurgarrian dauden emakumeak ere gogoan izan ditu alkateak, hain zuzen, erasotzaileekin konfinamenduan bizi diren emakumeak. Hala, indarkeria matxistaren aurrean, laguntza eskatzeko deia egin du, bai auzokideei babesa eskatuta, baita 900 840 111 telefonora deituta ere. 

Hildakoak gogoan eta herritarrei eskerrak

Nola ez, ezin ahaztu Covid-19arekin hildako herritarrak. Hala, Elrozak doluminak helarazi nahi izan dizkie familiakoei, baita egun hauetan senitartekoren bat galdu eta behar bezala agurtzeko aukerarik izan ez duten herritarrei ere.

Amaitzeko, herritarrei eskerrak ere eman nahi izan dizkie emergentzia egoera honen aurrean erakutsi duten jarrera eta arduragatik. "Ez da bide erraza izango, baina denok batera, elkarrekin, egoerari aurre egingo diogu" esanez amaitzen du mezua.