Nafarroa

Albisteak

Uxueko monumentu multzora bisitariek sarrera librea izateko eskatu du EH Bilduk


| 2020-01-17 11:45:00

EH Bildu Nafarroa Talde Parlamentarioak Nafarroako Gobernuari zuzendutako zenbait galdera erregistratu du foru ganberan, Uxueko monumentu multzoaren inguruan. Zehazki, EH Bilduk jakin nahi du ea Artzapezpikutzari baldintzaren bat ezarri zitzaion hura zaharberritzeko laguntzak ematerakoan, bertara hurbiltzen diren bisitariek egoitza guztietara sarrera libre eta doakoa izan zezaten.

 

Hamar urteko lanen ondoren, monumentu multzoaren zaharberritze lanak 2012an amaitu zituzten, administrazioak guztira 5.576.189,62 euro inbertitu ondoren. Hala ere, Adolfo Araizek, ekimena sinatu duen parlamentarioak, salatu duenez, "2012tik zortzi urte igaro diren arren, ezerk ez du funtzionatzen. Erakusketako aretoak ez dira irekitzen, eta igogailuari ere ez zaio funtzionarazten. Turista Uxuera iristen da, santutegia ikusi nahi du, baina soilik nabe gotikoaren barrualdera eta erronda pasealekura sar daiteke". "Turistak zortea badu eta parrokoa aurkitzen badu, baliteke erretoreak gidatzea, berak bakarrik baititu bulegoetako giltzak, eta beste inork ez; jakinda, gainera, sarritan kanpoan dagoela edo ezinezkoa zaiola giltza horiek ematea", gaineratu du Araizek.

 

Ildo horretan, EH Bilduk jakin nahi du ea Nafarroako Gobernuak uste duen Nafarroako Artzapezpikutzak eskubidea duela monumentu-multzoaren egoitza guztietarako sarbidea mugatzeko, diru kopuru hori diru-laguntza publiko gisa jaso ondoren.

 

Halaber, Adolfo Araizek salatu duenez, "Iruñeko Elizbarrutiak bere izenean inskribatu zuen Uxue eliza-gotorlekua jabetza-erregistroan, guztira 30 euro baino gutxiagoko kostuarekin, eskrituretan santutegiari eman zioten balioa 219.000 eurokoa izan zenean". Horrexegatik, azkenik, talde parlamentarioak foru exekutiboari galdetu dio jabetza-eskubide horien defentsan ekintza judizialen bat jartzeko asmorik duen.