Nafarroa

Albisteak

Testa Residencial-ek kaltetutako familiei Gobernuak irtenbide azkar bat emateko eskatu du EH Bilduk


| 2020-02-13 13:07:00

EH Bilduren ustez, "oso kezkagarria da 160 familia kalean geratzea, alokairuen bat-bateko igoera handia ordaindu ezin dutelako", Sanduzelai, Arrotxapea eta Buztintxurin Testa Residencial inbertsio funtsak hainbat eraikin erosi ostean. Gainera, "kontuan hartu behar da kaltetutako pertsona gehienak baliabide gutxiko familiak, pentsiodunak edo desgaitasunen bat duten pertsonak direla, eta horiek beren etxeetatik alde egin beharko dutela, bestelako tokirik izan gabe, eta erabateko babesgabetasun-egoeran geratzen direlarik".

Era berean, EH Bilduk salatu duenez, "familia horiek are egoera kritikoagoan geratzen dira" alokairu babestuko kontratuak amaitzean Nafarroako Gobernuaren diru-laguntzak jasotzeari uzten diotelako.

Zentzu horretan, koalizioaren udal taldeak egin duen bezala, EH Bildu Nafarroak Iruñea etxegabetzerik gabeko hiri izendatu zutela gogorarazi du, eta "kaltetutako familiei erantzun azkar eta eraginkorra" emateko eskatu dio Nafarroako Gobernuari. EH Bilduren arabera, "Gobernuare ardura da bazterketa soziala jasateko arriskuan geratzen diren pertsona horien beharrei erantzutea eta etxebizitza duina bermatzea".

Hori dela eta, Jose Maria Aierdi Lurralde Antolamendu, Etxebizitza, Paisaia eta Proiektu Estrategikoetako sailburuaren premiazko agerraldia eskatu du EH Bildu Talde Parlamentarioak, etxebizitza tasagatik kaltetutako pertsonen egoerari buruzko azalpena eman dezan.