AKTUALITATEA


| 2024-02-20 08:15:00

Nafarroako Parlamentuko EH Bilduko bozeramailea den Laura Aznalek, oso larritzat jo du trafiko eskumenaren Auzitegi Gorenaren epaia, Nafarroaren burujabetzaren kontrako erasoa delako. Errepideen kudeaketa Nafarroaren eskumen historikoa dela ekarri du gogora Aznalek, eta Frankismo garaian kendu ziotela Nafarroari. «Orain gehiengoaren borondate politikoz eskumen hau lortu dugunean, Espainako epaitegi batek eskumen hori gauzatzeko aukera kendu digu, Guardia zibil elkarte baten ekimenez. Ez dugu onartzen, oso larria da eta lehenengoa ez izan arren garrantzi berezia eta handia duen erasoa da». Nafarroarentzako oso albiste txarra dela iritzi dio bozeramaileak, nafar jendartearen borondatearen kontra doalako: «EH Bilduk irmoki defendatu du eskumenaren transferentzia; hain zuzen, gure eskutik etorri zen hori gauzatzeko akordioa. Edonola ere, alderdien gainetik Nafarroaren aldarrikapen historikoa izan da. Izan ere, Nafarroako gobernu guztiek eskatu dute, UPNrenak barne».

Madrilgo auzitegiek hartzen dituzten erabakien mende egotea saihesteko, Nafarroako autogobernua eta burujabetza defendatu eta eguneratu behar dela azpimarratu du Aznalek. «Badakigu hau ez dela lehen eraso judiziala Nafarroako interesen eta burujabetzaren kontra eta ziurrenik ez dela azkenekoa izango. Gure borondatea da Nafarroa aintzat hartzea eta Nafarroako herritarren borondate demokratikoa errespetatzea . Horregatik funtsezkoa iruditzen zaigu herritarrek, agente politikoek eta sozialek bat egitea Nafarroaren defentsan».