Nafarroa

Albisteak

Justizia soziala, zerbitzu publikoak eta lurralde kohesioa dira EH Bilduren aurrekontu zuzenketen lehentasunak


| 2020-01-28 16:55:00

EH Bildu Nafarroa Talde Parlamentarioak 56 zuzenketa partzial aurkeztu dizkio 2020ko Aurrekontu Proiektuari, duela egun batzuk Nafarroako Gobernuarekin adostutako akordioaren norabideari jarraituz. Hala, EH Bilduren zuzenketek hiru ildo nagusi dituzte ardatz: herritarren eskubideak, zerbitzu publikoak indartzea eta lurralde kohesioa.

EH Bildurentzat, eskubide sozialen defentsa eta lan baldintzak duintzea lehentasunetako bat izan dira aurrekontuei heltzeko orduan. Hala, bada, aurkeztutako zuzenketa nagusietako batek 500.000 euroko partida berri bat sortzea proposatzen du, esku-hartze sozialeko hitzarmena berritzeko; eta, gainera, 150.000 euroko beste partida berri bat proposatu du, mendekotasuna duten pertsonentzako bizitegi-unitateen proiektu pilotuetarako.

Esparru horretan bertan, Berdintasunak garrantzi handia izan du, "Gobernuak aurreproiektuko partida jakin batzuetan arlo horretan egindako murrizketaren ondorioz, EH Bilduk hasieratik kritikatu duena". Era berean, EH Bilduk zuzenketa bat aurkeztu du Euskarabideari laguntzak emateko, helduen artean euskararen alfabetatzea bultzatzeko; eta beste batzuk, euskararen sustapenerako.

Kultur eskubideen sustapena izan da EH Bilduren zuzenketek islatzen saiatu diren beste alderdietako bat, udalekin eta Uharte Zentroarekin hitzarmenak egiteko hainbat proposamenen bidez, NUPekin eta EHUrekin elkarlanean Arte Ederretako master bat sortzeko.

Nafarroako pentsioen egoerari, bakarrik bizi diren pertsonei, etxebizitza kolaboratiboaren eredu berriei eta abarri buruzko azterketak egiteko hainbat partida proposatu dira, politika publikoak beharretara egokitzeko informazio zorrotza izateko asmoarekin.

Zerbitzu publikoak indartzea izan da EH Bilduk aurrekontuei aurkeztu dien zuzenketen bigarren ardatza. Ildo horretan, Hezkuntza eta Osasuna izan dira indartu beharreko arlo nagusiak, "herritarren beharrei berme osoz erantzungo dieten kalitatezko zerbitzu publikoak bultzatzeko". Batetik, Hezkuntzan, 600.000 euroko partida proposatu du EH Bilduk, Nafarroa osoko udalekin 0 eta 3 urte bitarteko eskolaratzeko hitzarmenak egiteko, "Nafarroako Gobernuak Haur Hezkuntzako zikloa duintzeko hartu duen konpromisoarekin bat eginez". Halaber, hezkuntza-azpiegituretara, eskola-jantokietara eta Skolae hezkidetza-programaren garapenera eta sustapenera bideratutako partida jakin batzuk lehenetsi dira.

Osasun arloan, osasun publikoak eta lan arlokoak markatu dituzte EH Bilduren aurrekontu lehentasunak. Horrela, talde parlamentarioak azken hilabeteetan hainbat ekimenen bidez defendatu duen bezala, 250.000 euroko partida bat proposatu du kontratazioetarako, osasun komunitarioa eta laneko osasun-programa propioak garatzeko, eta, era horretan, "zerbitzuak baliabide propioekin eskaintzea eta pribatizazioak saihestea".

Era berean, EH Bilduk zuzenketa bat aurkeztu du Jardunbide Egokien eta Ustelkeriaren Aurkako Bulegoa sortzeko, pertsona arduraduna izendatzen denean finantzatu beharko dena; eta beste bat Ogasunean kudeatzaileak kontratatzeko, zerga-iruzurraren aurkako borroka bultzatzeko helburuarekin.

Azkenik, eta EH Bilduk Gobernuarekin egindako akordioan markatutako lehentasunekin bat etorriz, lurralde-kohesioa ekintza-eremu garrantzitsua da. Horren barruan, 5 milioi euroko partida proposatu da, erabaki askeko Toki Azpiegituren Plan baterako, despopulazioaren aurkako borrokan 10.000 biztanletik beherako udalei zuzendua. Era berean, Cederna Garalurrera bideratutako diru partida bat proposatu da zonaldearen suspertze sozioekonomikorako, baita udalentzako diru laguntzak ere, Pirinioetan despopulazioaren aurkako borroka bultzatzeko. Halaber, mugikortasunari eta trenbide konbentzionalaren optimizazioari buruzko azterlan bat egiteko partida egokitu da.

EH Bilduk azpimarratu duenez, aurrekontuek gabezia handiak dituzte zenbait arlotan, "baina espero dugu hobetu ahal izatea eta tramitazio parlamentarioan dauden gabezia batzuk konpontzea, gure proposamenekin eta beste talde batzuen proposamenekin".