AKTUALITATEA


| 2019-11-20 12:52:00

"Apustu-etxeak arautzeko" ponentziaren xedea zabaltzeko eskatu du Nafarroako EH Bildu Nafarroa Talde Parlamentarioak, datorren ostiralean, azaroaren 22arekin, Nafarroako Parlamentuan burutuko dena. Horrela, EH Bilduk proposatu du "jokoarekiko mendekotasunarekin zerikusia duten politika publikoen eta baliabideen azterketa integrala egitea, eta dagozkion gomendioak ere egitea apustu-etxeen, joko-aretoen eta bestelako joko-modalitateen prebentzioaren eta erregulazioaren arloari dagokienez, bai eta eragindako pertsonak tratatzeko baliabideei dagokienez ere".

Ponentzia horren lan-plana egiteko Talde Parlamentarioak aurkeztu duen proposamen nagusia da, hain zuzen. Ildo horretan, EH Bilduk beharrezkotzat jotzen du administrazio bakoitzaren eskumenak argitzea, araudi eta legedi desberdinak aztertzea, eta hainbat ikuspuntutatik ekarpenak jasotzea hainbat agerraldiren bidez. Horrek guztiak "egoera ezagutzen eta ludopatiaren prebentzioan eta tratamenduan lan egiten duten elkarteen esparruetatik proposamenak biltzen lagunduko dute, hala nola auzo-plataformak, Osasun Publikoa, Osasun Mentala, Hezkuntza, Gazteria, Foruzaingoa, etab. Horrela, Nafarroako jokoarekiko mendekotasun egoeraren analisi-diagnostiko zuzena egin, eta beharrak identifikatu eta helburuak ezarri ahal izateko”.

Horrela, Bakartxo Ruiz bozeramaileak azaldu duen bezala, "beharrezkoa litzateke ponentziak gomendioak planteatzea Jokoari buruzko abenduaren 14ko 16/2006 Foru Legearen arau-garapenerako, bai eta osasun publikoa babesteko interes orokorrari erantzungo dioten udal-ordenantzak egiteko jarraibideak ere, EH Bilduk Iruñeko Udalean proposatu duenaren ildotik".

"Apustu-etxeen eta beste joko-modalitate batzuen fenomenoa Nafarroan abiadura bizian zabaltzen ari dela ikusten ari gara, eta bereziki gazteenei eragiten diela", adierazi du Ruizek. "Jokoarekiko menpekotasuna nabarmen hazten ari da, eta beharrezkoa da neurri egokiak lehenbailehen hartzea, benetako arazo sozio-sanitario bihur ez dadin", gaineratu du. "Horregatik, ezinbestekoa eta premiazkoa da estrategia integral eta partekatu bat sortzea, mendekotasuna prebenitzeko, legeriaren, arauen eta komunitatearen esparruetatik".