Nafarroa

Albisteak

Estatuak onartutako zerga berriak Nafarroan ezartzearen ondorioez galdetu dio EH Bilduk Foru Gobernuari


| 2020-02-19 12:53:00

EH Bildu Nafarroa Talde Parlamentarioak hainbat galdera erregistratu ditu Nafarroako Parlamentuan, atzo bertan Espainiako Estatuko Ministroen Kontseiluak onartu zituen finantza transakzioen gaineko zergaren eta zenbait zerbitzu digitalen gaineko zergaren inguruan. Jakinarazi zenez, bi figuren helburua da zerga-sistema egokitzea negozio digitaleko arlo berrietara, eta baita globalizazioak berekin dakarren mugaz gaindiko errealitatera ere, egungo zerga-esparruan ondo islatzen ez direnak.

EH Bilduk gogora ekarri nahi du Nafarroaren eta Estatuaren artean sinatutako Hitzarmen Ekonomikoaren arabera, "Koordinazio Batzordea deituko da, edo hark eskuordetzen duen azpibatzordea, hitzarmena Estatuak proiektatutako zerga-figura berrira nola egokitzen den ebaluatzeko eta aztertzeko, Hitzarmenaren hirugarren xedapen gehigarrian aurreikusitako prozeduraren arabera".

Hala, EH Bilduren ustez, "zerga berri horiek Nafarroari eragiten dioten neurrian, jokaleku berria aztertu eta Nafarroako Ogasunarentzat izango lituzkeen ondorioak ebaluatu behar dira, Nafarroak gaian izan ditzakeen eskumenak kontuan hartuta".

Ildo horretan, EH Bildu Talde Parlamentarioak honako galdera hauek erregistratu ditu Nafarroako Gobernuak idatziz erantzun ditzan:

1.- Nafarroako Gobernuak eskatu al du Hitzarmenaren Koordinazio Batzordearen deialdia, Estatuak Finantza Transakzioen gaineko Zergari eta Zenbait Zerbitzu Digitalen gaineko Zergari buruzko Lege Proiektuen edukiaren berri eman dezan? Estatuaren aldetik erantzunik jaso al du hori egiteko?

2.- Gobernuak uste al du bi zerga-figura horiek Nafarroan ezar litezkeela, kontuan hartuta zeharkako zergak direla eta bi kasuetan Estatuak Estatuko lurralde osoan gerta litezkeen zerga-egitateak zergapetu nahi dituela, Foru Komunitateak arlo horretan izan ditzakeen eskumenak kontuan hartu gabe?

3.- Gobernuak uste al du hobe litzatekeela Nafarroaren interesentzat, Nafarroan zerga-figura horiek ezarri beharrean, Estatuarekin negoziatzea, Foru Komunitatea konpentsatzeko, Estatuak bildutakoaren ehuneko bat ordainduta?

4.- Gobernuak uste al du portzentaje hori Nafarroari oro har aplikatzen zaion bera izan litekeela, bere ekarpena Foru Komunitateak bere gain hartzen ez dituen Estatuaren kargei egozteko, hau da, 1,60?