Nafarroa

Albisteak

EH Bilduko hautetsiek Defentsa Ministerioaren Ezkabako proiektua arbuiatzen dute

| 2019-09-10 10:43:00

Zoritxarrez, begi-bistakoa da espainiar Estatuaren egitura batzuk iraganari begira bizi direla eta uste dutela edozein arau eta legeren gainetik daudela, are eta gehiago gizartearen borondatearen gainetik. Latza da Nafarroako gizarteak duen esperientzia historikoa espainiar armadarekin. Izan ere, gertaera biolento eta oso traumatikoen kate bat izan da. Ezkabako Gotorlekua Nafarroako oroimen kolektiboan bizirik dirauen erreferentzia horietako bat da. Derrigorrezko zerbitzu militarra desagertu arte izan ziren intsumisoen atxilotze eta kartzelatzeak memoria horretan zizelkaturik geratu diren beste gertakizun batzuk dira. Esperientzia traumatiko gisa, baina, aldi berean, herri garaipen moduan gorde izan dena. Berez, espainiar Konstituzioak gehiegizko ahalmen eta boterea egozten dio armadari, Nafarroako herritarren beharrekin zerikusirik ez dutenak eta arazoak baino sortzen ez dizkietenak. Hori gutxi balitz, espainiar armadak ahalmen horiek bere gisara ulertu eta egokitzen ditu bere interes partikularren arabera.

 

Hortaz, duela gutxi jakin dugu Espainiako Defentsa Ministerioak proiektu bat aurkeztu duela Ezkabako mendi-magalean 4.550 metrotako hesi bat altxatzeko (Aitzoaingo tiro eremua Gotorlekuarekin lotuz), 52 hektareatako eremu oso bat bereganatuz eta itxiz. Defentsa Ministerioak lur horien jabe dela dio, lehendik desjabetu egin zituela esanez eta tiro barrutiaren segurtasun-eremua handitzearen aitzakiapean.

 

Lehenik eta behin, eta Espainiako Defentsa Ministerioak esaten duenaren aurka, argi utzi nahi dugu lur horiek erregistratuak daudela komunal gisa Aitzoaingo Kontzejuaren katastroan.

 

Bigarrenik, herritarrak ohartarazi nahi ditugu proiektu horrek eragingo lituzkeen kalteez, bereziki ibilgailu (emergentziak, suhiltzaileak, mendi-guardak...), bizikleta eta oinezkoen zirkulazioa eragotziko lukeelako. Halaber, animalien joan-etorriak oztopatuko lituzke.

 

Era berean, proiektu horrek larriki baldintzatuko luke egungo basabideen sarea (Memoria Historikoaren tokia den Gotorlekuko ihesaldia ezagutzen den GR 225a barne). Sare horren hego-mendebaleko zatia guztiz oztopatuko luke, eremua artikulatzeko eta armonizatzeko egin den ibilbideen sarearen diseinu orokorra kolokan jarriz.

 

Halaber, hesi horrek larriki eragingo lioke “Ezkaba Parkearen” proiektuari. Mendi horren inguruko 8 udaletxek bultzatu dute proiektu hori, ezinbestekoa litzatekeen PSIS bat egiteko Iruñerriko Mankomunitatearen babesa eta laguntza izan dutelarik. Nafarroako Gobernuak onartu zuen PSISaren dokumentua eta gaur egun tramitazio fasean dago.

 

Aldi berean udal horiek urgenteak ziren hainbat neurri hartu eta Ezkaba mendia kudeatzeko lan batzuk egin dituzte. Hala nola:

                 -Garbiketa eta mantenua. Une honetan mendia garbi baldin badago, udal horien lanagatik, boluntarioen ekarpenagatik eta herritarrek egiten duten erabilpen txukunagatik da.

                - Mendiko bide eta BTTko ibilbideen seinaleztapen eta homologazioa.

 

Arestian aipatutako arazo eta arrazoiak aski lirateke Defentsa Ministerioaren proiektu horrekiko gure erabateko oposizioa adierazteko. Baina horrekin batera Espainiako Armadaren jokabideari buruzko gogoeta batzuk azaldu nahi ditugu. Espainiako Armadak jarraitzen du erabiltzen lur eremu batzuk (bereziki komunalak zirenak), instalazio eta eraikin batzuk Nafarroako luze zabalean, gure irudiko gatazka ezberdinetan eta, batez ere, 1936ko altxamenduaren ondorioz bereganatutako ospil direnak. Hau bereziki lazgarria Ezkabako Gotorlekuaren kasuan duen esanahiagatik, bai eta “Ciudadela” elkartearen instalakuntzak (“militarren igerilekuak” deitu ohi direnak) Iruñeko Antoniutti parkean. Lehena  Nafarroako memoria historikoaren erreferentzia nagusietarikoa da; bigarrenak, berriz, Iruñeko arnasgunea den parkean dauden aisialdi instalazio pribatu batzuk dira, konkistaren ondorioz (eta ondoren Udal frankista batekin egindako truke lotsagarria baten baten bidez) eskuratutako pribilegio batzuen arrandi nardagarria da.

 

Bada, ospil hori Nafarroako gizarteari itzultzen hasi beharrean, Espainiako armadak jarraitzen du pentsatzen nahi duen guztia egin dezakeela. Horren froga argia da aipatzen ari garen hesiaren proiektu hau, bai eta Aitzoaingo tiro eremuen dagoeneko eta baimen administratiborik gabe egin duen eraikina. Eraikin hori eraistea eskatzen dugu.

 

Gutun hau sinatzen dugun EH Bilduko hautetsiek adierazi nahi dugu gure konpromisoa Ezkaba mendiaren defentsarekin, bai eta parke natural izendatzearen aldeko posizioa. Aldi berean, Defentsa Ministerioaren proiektua salatu nahi dugu eta gure oposizioa adierazi. Gure ustez, bi irizpide mantendu behar dira espainiar armadak erabiltzen dituen eremu horien inguruan edota bereganatu nahiko lituzkeenen inguruan:

                -komunala ez da ukitzen

                -bada garaia ospil hori itzultzen hasteko eta ez desjabetze gehiago egiteko

 

 

 

Sinatzen duten hautetsiak:

 

Ander Oroz Casimiro

Raul Maiza Gonzalez   

Alfredo Arruiz Sotés   

Mikel Oteiza Iza

Koldo Ábrego Primo 

Karmiñe Gil Sesma