Nafarroa

Albisteak

EH Bilduk Skolaeren balioa berretsi du, bere ezarpenaren aurkako eraso berriaren ostean


| 2020-06-18 12:56:00

EH Bilduren ustez, Skolae programaren ezarpena baliogabetzen duen epaia, gaur bertan argitaratu dena, " beste oztopo bat da hezkidetzarako bidean". Bakartxo Ruiz koalizio subiranistak Nafarroako Parlamentuan duen bozeramaileak kritikatu egin du "Skolae programak hasieratik pairatu behar izan duen erresistentzia", eta azpimarratu du "kontrako epaia den arren, ez duela programaren edukia baloratzen". Beraz, "Nafarroako Gobernuak ahalik eta lasterren konpondu beharko du ustezko forma akatsa", eskatu du EH Bilduko bozeramaileak.

Ildo horretan, Ruizek Skolaeren balioa goraipatu du, "Nafarroan hezkidetza programa aitzindaria delako eta prestigiozko hainbat errekonozimendu lortu duelako, nazioartean hezkuntza erreferente bihurtuz". Hori dela eta, "EH Bildutik espero dugu Skolaek oztopo berri hau gainditzea, eta bere ezarpena bizkortu eta ikastetxe guztietara zabaltzea, aurreikusita zegoen bezala". "Argi geratu da Skolae oso tresna baliagarria eta eraginkorra dela egun indarrean jarraitzen duten emakumeen eta gizonen arteko ezberdintasunak gainditzeko, eta hezkuntzaren bidez guztiontzako gizarte justuago bat eraikitzeko", adierazi du EH Bilduko bozeramaileak.