AKTUALITATEA


| 2020-04-02 12:04:00

EH Bildu Nafarroa Talde Parlamentarioak 31 zuzenketa aurkeztu dizkie Nafarroako Gobernuak aurkeztutako eta joan den ostiralean Lege Dekretu gisa baliozkotu ziren bi lege proiektuei. Bakartxo Ruiz bozeramaileak eztabaida hartan adierazi zuen bezala, talde parlamentarioak baloratu egin behar zuen "neurriak nahikoak ziren edo anbizio handiagokoak izan zitezkeen". Horregatik, taldeak zenbait zuzenketa aurkeztu du neurri batzuk hobetzeko eta Gobernuak aurreikusi ez dituen gai batzuk sartzeko.

Zuzenketek funtsezko bost helbururi erantzuten diete: babes soziala bermatzea; enplegua sustatzea eta ekonomia suspertzea; tokiko erakundeen finantzaketa indartzea; lan baldintzak eta baliabide publikoen funtzionamendua eraginkortu eta hobetzea; gobernua kontrolatzeko neurriak eta krisiaren kudeaketa parte-hartzailea.

  1. Gizarte-babesaren esparruan, EH Bilduk artikulu bat sartu du, eta, horren arabera, Gizarte Eskubideen Ministeriotik eta Agenda 2030etik eratortzen den zenbatekoaren %15, gutxienez, toki-erakundeei emango zaie, larrialdietarako laguntzak eta bestelako gizarte-laguntzak kudeatu ahal izan ditzaten. Horrekin batera, halako laguntzak jaso ahal izateko irizpideak malgutzeko proposamena egin du. Gainera, Errenta Bermatuari buruzko Foru Legea aldatzea proposatzen du, izapideak arintzeko eta estaldura handitzeko, salbuespen-egoera honetan pertsona gehiagok jaso ahal izan dezaten. Beste zuzenketetako batek Gobernua gaitzen du genero-indarkeriaren biktima diren emakumeentzat behin-behineko baliabideak sustatzeko. Eta, etxebizitzaren arloan, jabe partikularrei zabaldu nahi die errentariei alokairua barkatzen dieten enpresei jada aurreikusitako konpentsazioa. Horrez gain, alokairuen eta hipoteken inguruan eman daitezkeen gatazketan bitartekaritzarako doako zerbitzua sortzea proposatu du. Azkenik, hainbat eragile sozialen proposamenak jasotzen ditu, Gobernuaren abalen onuradun izateko eta diru-laguntzak eta kontratuak bermatzeko.

  2. Enplegua eta suspertze ekonomikoa sustatzeko xedearekin, lehenik eta behin, proposatu du sortutako 100 milioiko funtsean nekazaritzaren eta abeltzaintzaren sektorerako laguntzak sartzea. Bigarrenik, artikulu berri bat sartu du, jarduera eten duten edo lokalak itxi dituzten mikroenpresei eta autonomoei laguntzeko programa bat zehazten duena, jarduerari berrekiteko "erresistentzia-txekeak" izan ditzaten. Enplegua sustatzeko ildo beretik, enplegua mantentzeko berme bat sartu du, baldintza gisa, enpresek Foru Administrazioaren aldetik abalak, maileguak, konpentsazioak edo kalte-ordainak eskuratzen dituztenean. Azkenik, zerga-arloan, 2020an kontabilitate-irabaziak 2019an baino %10 handiagoak izango dituzten enpresek 2021ean ezohiko ekarpena egitea proposatu du.

  3. Udalen finantzaketa indartzeari dagokionez, diru-sarrerak murriztearen ondorioz eta kontratuak eteteagatik sortutako gastuei aurre egin ahal izateko eta gizarte-premiei aurre egiteko, bi neurri proposatzen ditu: batetik, 25 milioiko ez-ohiko funtsa sortzea, eta, bestetik, udalei diru-sarrerak galtzeagatik konpentsazioak ezartzea ez-ohiko kreditu baten bidez. Hori guztia Toki Ogasunei atxikitako Diruzaintzako Gaineratikotik finantzatuko litzateke.

  4. Lan-baldintzen eta baliabide publikoen funtzionamenduaren eraginkortasun eta hobekuntzarako, EH Bilduk hainbat zuzenketa proposatu du, Funtzio Publikoan hartutako salbuespenezko neurriek osasun-arrisku handiena duten pertsonei eragiten ez dietela bermatzeko, eta familia kontziliaziorako neurriak bai eta kontratazioaren bermeak eta gardentasuna ere errespetatzen dituztela bermatzeko. Bestalde, Foru Gobernuak Nafarroan dauden larrialdietako eta babes zibileko baliabide zibil eta militar guztien kudeaketa eta koordinazioa bere gain hartzea proposatu du.

  5. Azkenik, Nafarroako Gobernua hartzen ari diren neurriak kontrolatzeko eta krisi honen kudeaketa parte-hartzailea egiteko mekanismoak planteatu ditu EH Bilduk. Lehenik eta behin, kontratu publikoetan egindako aldaketak eta modu azkarrean hartzen ari diren beste neurri batzuen ez-ohikotasuna kontuan hartuta, finantza-kontrol iraunkorraren formula planteatu du. Bigarrenik, xedapen bat sartu du, non ezartzen baitu Nafarroako Gobernuak hamabost egunean Nafarroako Parlamentuari behin igorriko diola hartutako neurriei buruzko informazioa. Eta, azkenik, COVID-19ren Jarraipenerako Nafarroako Kontseilua sortzea proposatu du, hainbat foru-erakunde, Nafarroako Gobernua, eragile politiko, sozial, sindikal eta enpresarialen parte-hartzearekin; neurriak aztertzeko eta gainbegiratzeko funtzioak izango lituzkeena, baita krisiaren eraginari eta hainbat arlotan hartutako neurriei buruzko txostenak ematekoa ere.