Nafarroa

Albisteak

EH Bildu Aiegik kereila bat jarri du prebarikazioagatik Juan María Yanci (Ayegui Unido)-ren aurka


| 2019-09-17 13:24:00

EH Bildu Aiegik herriko argiztapen publikoak suposatuko duen gainkostua salatu nahi du. Izan ere, Oncinedaren dimentsioa ez badu ere, hasiera batean 60.000 euroko kontratua izan behar zena 600.000 eurokoa izanen da. Horrekin lotuta, EH Bildu Aiegik kereila bat aurkeztu du prebarikazioagatik Aiegiko alkate izan zen Juan María Yanciren aurka.

Aurreko legegintzaldian, EH Bilduko zinegotziek kontrol lana egin zuten eta Alkatetzak martxan jarri nahi zituen zenbait proiektu geldiaraztea lortu zuten (adibidez, tiro eremua). Kontrol lan horren baitan, bi gai izan ziren nagusi: Gaztisun-en kudeaketa (polikiroldegia eta udal-aterpetxea kudeatzen duen enpresa publikoa) eta Aiegiko argiztapen publikoa.

Argiztapen publikoaren gaia izan da azken urteko oposizio politikoaren ardatza. Lehenik, Udalera informazioa eskatuz (pixkanaka eskaini izan dena); ondoren, bilerekin bai eta Tokiko Administrazioaren sailerako telefono-deiekin ere. Halaber, Nafarroako Parlamentuko EH Bilduko taldeak Nafarroako Kontuen Ganberari eskatu egin zion argiztapenaren espedientea fiskalizatzeko. Horrekin batera, hainbat prentsaurreko, elkarrizketak hedabideetan eta oposizio osoaren arteko prentsaurrekoak egin dira, eta auziaren inguruko informazioa-orriak banatu dira herrian.

Ildo horretan, pasa den apirilean, Tokiko Administrazioaren zuzendari orokorrak 15/19 espedientearen 560 ebazpenaren bidez Aiegiko Udala behartu zuen energia-zerbitzuaren esleipen kontratuaren ofiziozko berrikuspenaren prozesua hastera, erabateko deuseztasunagatik.

Horrela, alkatetza duen taldearen jarrera tematiaren aurrean, beste urrats bat emateko beharra ikusi dugu eta gaia auzitegietara eraman. Hori dela eta, EH Bildu Aiegik kereila bat aurkeztu du prebarikazio delitu jarraituagatik (Zigor Kodearen 404 artikulua). Kereila honekin argitu nahi da Juan María Yanci Lópezen parte hartze maila, 2015-2019 artean alkate zenekoa eta egun alkateorde denarena. Datorren irailaren 19an, Juan María Yanci López Lehen Auzialdiko eta Instrukzioko 2 zenbakiko Epaitegian izan beharko da.