Nafarroa

Albisteak

Bel Pozueta: ”Azaroaren 10ean Nafarroako boto feminista, euskaltzale, solidario, soberanista eta ezkertiar bakar bat ere ezin da etxean geratu”


| 2019-11-03 15:15:00

Azken unera arte adi mantentzea eta azaroaren 10ean Nafarroan boto euskaltzale, aurrerakoi, feminista eta solidario bakar bat ere etxean gera ez dadin lan egiteko beharra azpimarratu du Bel Pozueta EH Bilduren hautagaiak. Gaur eguerdian Elizondon egindako ekitaldian, Oihan Mendo Senaturako hautagaiarekin batera izan da Pozueta, eta esan duenez, "egun hauetan inkestek emaitza onak ematen dituztela ikusten badugu ere, guk ez dugu konfiantzarik, guk lanean jarraitzen dugu azaroaren 10ean nafar feminista, euskaltzale, solidario, subiranista eta ezkertiarren botorik etxean gera ez dadin".

 

Bere hitzaldian, EH bilduko hautagaiak, Nafarroako soberanisten artean eserlekua lortzeko aukera duen bakarrak, azken aste honetan eginahalak egiteko eskatu dio jendarteari; izan ere, nabarmendu duenez, Madrilen Nafarroaren ahots propioa egotea, Estatuko alderdi handien irizpenaren mende ez dagoena, funtsezkoa da. "Badakigu lor dezakegula, eta horretarako astebete geratzen da jendearekin hitz egiten jarraitzeko. Zuen babesarekin lortuko dugu boto horiek Madrilera eramatea eta nafar solidario, feminista, soberanista eta ezkertiar hori berriro Kongresuan entzutea", laburbildu du Pozuetak.