AKTUALITATEA


| 2024-05-06 13:01:00

Gobernu taldeak Emisio Baxuen Eremuari buruzko ordenantza berriaren inguruan egindako kudeaketa "aldez aurretik beharrezkoa zen informaziorik eta parte-hartzerik gabe egin dela adierazi du Karlos Renedo EH Bilduko zinegotziak. “Argi dago horrek ziurgabetasuna eta nahasmena baino ez duela eragin Bilboko herritarrengan”, gaineratu du.

Renedok berretsi du beharrezkoa dela Bilbok "krisi klimatikoari aurre egiteko neurriak hartzea, hiribildua erreferente bihurtuko duten neurri eraginkor, ausart eta adostuak”.

Hala ere, esan duenez, EAJk eta PSEk, "Bilbo hiri eredugarri bihurtzeko Emisio Baxuen Eremuko ordenantza berriak izan zezakeen potentzial eraldatzailea aprobetxatu beharrean, gutxieneko proposamen bat egin dute, hiri osoko airearen kalitatea hobetuko ez duena".

Baina EH Bilduko zinegotzia haratago joan da, eta adierazi du, gainera, araua “ez dela argia izan eta ziurgabetasuna eta zalantza ugari" sortu dituela bilbotar askorengan Horren ondorioz, "ordenantza hau aukeratzat hartu beharrean arazotzat hartzen dute herritar askok”.

"Auzotar zein elkarteek arauari 186 neurri aurkeztu dizkiote, euren  kezka eta inplikazio eta partaidetzarako borondatea agerian utziz”. “Era berean,  argi gelditu da berriz ere beharrezkoa zela parte-hartze prozesua indartzea, legeak eskatutakoa baino haratago", adierazi du.

Azken batean, Renedoren arabera, "bertute bat izan zitekeena, EAJ-PSE  gobernu taldea arazo bihurtzen ari da, eta urrezko aukera bat galtzen utziz hiri osoko airearen kalitatea benetan hobetuko duen Emisio Baxuen Eremuari buruzko ordenantza bat izateko".