AKTUALITATEA


| 2020-06-17 10:42:00

Beasaingo EH Bilduk bere kezka eta haserrea adierazi nahi du herriko kirol instalakuntzen irekitzean eman diren pausoen aurrean.  

        

Eusko Jaurlaritzak Udalei jarritako derrigorrezko betekizunak dira bai Erantzukizunezko Adierazpena eta baita Kontingentzia plana ere. Instalakuntzak, protokolo guztiak betez, herritarrei irekiera eta erabilera seguru bat ahalbidetzea helburu duten derrigorrezko betekizunak. 

 

Egunak eman ditugu, bai idatziz eta bai ahoz, instalakuntza hauek irekitzeko beharrezko diren dokumentu hauek eskatzen. Oraingoan ere kale, web orrian eta sare sozialetara lehenago iritsi da gure eskuetara baino. Pandemia egoeraren kudeaketan ohikoa bilakatu den beste informazio ezkutatze bat, aldebakarreko kudeaketaren enegarren adibidea. Elkarlanik nahi ez izatea Udal Gobernuaren estiloa izango zela susma genezakeen, baina hainbatetan aldarrikatzen duten gardentasuna ere hankaz gora erortzen ari da azkenaldian.

 

Hori gutxi ez eta, eskaintzen den zerbitzua eta prezioaren arteko oreka puskatu da. Nola ulertu daiteke, egoera honetan, kanpoko igerileku eta kiroldegiko tarifak lehengo berdinak izatea? Zergatik ezin ditu edozein herritarrek erabili kanpoko igerilekuak lehen aste honetan? Ondoren erabiltzeko aukerarik izango al da? 11,20€-tako sarrera ordaindu beharko du bazkidea ez den herritar heldu orok nahi duenean joan ezin denean, gehienez 4 ordu egon daitekenean, aldagela eta dutxetarako aukerarik gabe, barruko igerilekuetara akzesorik gabe… Egoera honek eskatzen dituen protokolo guztiak aplikatu behar direla partekatzen dugu, baina tarifak ere eskaintzen den zerbitzuaren arabera egokitu behar dira. 

 

 

Hiru zutabe nagusi ditu gai honek EH Bildurentzat: Herritarren segurtasuna, eskaintzen den zerbitzua eta prezioa. Egoerak ahalmentzen duen zerbitzu seguru, duin eta justuena eskaini behar diegu herritarrei. Hau izango da EH Bilduko hautetsion oinarria herrian eskaintzen diren zerbitzuen kudeaketetan. Aurrerantzean ere herriko zerbitzu guztiak herritar guztientzat eskuragarriak izan daitezen lanean jarraituko dugu.