Sopela

Albisteak

SOPELAKO EH BILDUREN ERANTZUNA DB-TUren ZENTSURA-MOZIO PROPOSAMENARI


DB-TUren proposamenaren atzean ez dago ezer, ez edukirik ez, ez formarik ere... ez da proposamen serioa: ez dago programarik, ez dago konpromisorik, ez dago elkarlanean aritzeko borondaterik, ez dago behar besteko konfiantzarik. EH Bilduren ustez, ezinbesteko baldintza horiek landu egin behar dira, benetako zentsura-mozio serio bat aurkeztu aurretik. Eta horren gaineko ekimena EH Bilduri dagokio, oposizioko lehen indar gisa. Beraz, DB-TUri azaroaren 13an helarazi genion erantzun berbera ematen diogu oraingoan ere: orain ez da momentua, izan ere, proposamen horrek ez du inolako zentzurik egungo egoeran. Hala ere, EH Bilduk bere borondate argia erakutsi die Elkarrekin Podemos eta DB-TU alderdiei oposizio bloke sendo bat eraikitzeko eta elkarrekin baldintza egokiak lantzeko, helburu zehatz batekin: Sopelarentzat alternatiba sendoa, aurrerakoia eta eraldatzailea osatzea.

| 2020-11-20 10:39:00

Azaroaren 17an argitaratu du sare sozialetan DB-TUk EH Bilduri egin dion zentsura-mozio proposamena. Azken bi hilabeteetan bi aldiz egin digu DB-TU alderdiak proposamen bera, lehena irailaren 15ean eta bigarrena azaroaren 7an. Bi aldi horietan erantzun berbera eman genion DB-TUri, eta oraingoan ere, erantzun berbera emango diogu. EH Bilduren oinarri sozialaren artean zabaldu genuen erantzun hori, azaroaren 12an egindako herri-bilera batean. Oraingo honetan, sopeloztarren artean zabalduko dugu:

1. Osasun-, ekonomia- eta gizarte-krisiaren egungo egoeran, gizarteak erantzun serioak eskatzen ditu garai zalantzagarrietan eta ziurgabetasun gabeko hauetan. Egungo egoeraren aurrean, erantzukizunez jokatu beharra dago, mahai gainean jartzen diren alternatiba bakoitza lasaitasunez eta sakontasunez landuz. Ez da inprobisazioetarako garaia. DB-TUren proposamenak ez du baldintza hori betetzen. Ez da proposamen serioa.

2. DB-TUren zentsura-mozioaren atzean ez dago ez formarik, ez edukirik. Mozioaren atzean ez dago akordiorik programa zehatz bati buruz eta ez dago erantzukizunik hartzeko borondaterik DB/TUren aldetik. Horrelako proposamen batek arrakasta izateko, oraindik ehundu gabe dauden elkarrekiko konfiantza eta lankidetza egon behar dira. Ezin da ahaztu DB-TUk birritan eman diola udal-gobernua EAJri, kontaezinak izan direla haien jarrerak eta gureak elkarrengandik urrun egon diren aldiak eta gaiak, eta kontutan hartu beharra dago ere bi legegintzaldietan izan ditugun kontaktu urriak.

3. Elkarrekin Podemosekin batera oposizio bloke sendoa eraikitzeko eskaintza egin diogu DB-TUri, alternatiba sendoa, aurrerakoia eta eraldatzailea osatzeko asmoarekin. Alternatiba sendoak konfiantzazko harremanetan lantzen direlako, eta horretarako elkarlana beharrezkoa da. EH Bilduk pausuak eman ditu norabide horretan: DB-TUrekin izandako iragan polemikoa alboratuz, urriaren 17ko herri-batzarrean Sopelako oposizioko udal taldeekin (DB-TUrekin ere bai) elkarlanean aritzeko borondatea agertu genion gure oinarri sozialari.

DB-TUk kalera atera duen proposamen honekin, zalantzan jartzen du bere elkarlanerako benetako borondatea. Izan ere balizko zentsura-mozio bat aurkeztea hiru alderdien arteko ekimena izan beharko litzateke, aurretik elkarrekin adostuta eta ez ordea alderdi bakar batek aurkeztua (hirukotetik bozka gutxien duen alderdia, gainera).

EH Bilduk bere lan-ildoa gauzatzen jarraituko du, kanpo inposaketarik gabe, modu arduratsu, proposatzaile eta kritikoan. Oposizioko taldeekin ezezik, Sopelako eragile sozial, kultural eta sindikalekin elkarlanean arituko gara, Sopelarentzat alternatiba sendoa, aurrerakoia eta eraldatzailea eraikitzeko asmoarekin.