AKTUALITATEA


| 2019-11-19 09:29:00

 

Sopelako EH Bilduko hautetsiak UDALBILTZAREKIN BAT!

Beraien atxikimendua formalki gauzaturik, Sopelako EH Bilduko ordezkariek beraien babesa agertzen diote Euskal Herriak gaur egun duen egitura politiko nazional nagusiari: Udalbiltzari.

 

UDALBILTZA: Nazio garapena eta lurralde kohesioa

Euskal Herri osoko 1.050 hautetsik osatzen dute Udalbiltza. Ima Garrastatxu Durangoko alkatearen hitzetan, "bereizten gaituzten muga administratiboen gainetik zubiak eraikitzeko bokazioa duen erakunde publiko nazionala da Udalbiltza. Gaur eta hemen, Euskal Herriaren eraikuntzan aurrera pausuak eman eta proposamen zehatzak garatzeko helburua duena, betiere, lurralde garapenaren, ekonomia sozial eraldatzailearen, jasangarritasunaren eta saretzearen ildoetatik tiraka".

Epe motzera begirako lanari dagokionez, ardatz nagusiak dira: Ikerbiltza, Hurbiltzen, Hartu-eman eta EH Marka; Lurgida app turistikoa eta Euskal Herriko historiaren memoria gunea. Horiek guztiak garatzeko, hainbat erakunde eta elkarteekin lan egiten du Udalbiltzak, besteak beste, Olatukoop, Koop 57 eta Gaindegia.

 

Durangoko Batzar Orokorra: 20 urte eta zuzendaritza aldaketa

Udalbiltzak 20. urteurrena ospatu zuen larunbatean Durangon. Batzar nagusian, parte hartu dutenak omendu zituzten eta emandako guztia eskertu zieten, kontuan hartuta, gainera, batzuk auzipetu egin zituztela Udalbiltzan aritzeagatik. Zuzendaritza batzordea berritu zuten, eta Luis Intxauspe Hernaniko alkate izan zenak makila pasatu zion Jabi Asurmendi Arakaldoko alkateari. Horrez gain, Erakundearen batzorde eragile osoa berritu zuten bertan.

 

Datozen urteeratako erronkak

Udalbiltzak datozen urteei begira dituen erronkak izan ditu hizpide Asurmendik, kargua hartu ondoren eginiko hitzartzean. “Elikadura eta energia burujabetza, Euskal Herriaren barne kohesioa, herrien garapena, turismo eredu jasangarria… Udalbiltza guzti honi nazio mailako erantzuna emateko ezinbesteko erakundea dugu; Herrietatik eta kontzejuetatik gertu egon garen eta lekuan-lekuko arazoei aurre egiten laguntzeko prest gauden erakundea gara”, nabarmendu du Arakaldoko alkateak. Zentzu horretan, “lurralde desorekei” eta “herri txikien despopulazioari” aurre egitearen beharraz mintzatu da. “Ekonomia sozial eraldatzailearen bidez, egoera lazgarri honi buelta ematea posible da, gaitasunak batuz eta kontzientziazioa landuz”.