Sopela

Albisteak

Sopela: 2019/2020 ikasturteko balorazioa!


Sopelako EH Bilduk ALDIZKARI BERRIA argitaratu du, 2019/2020 ikasturteko balorazioa eginez, urriaren 17ko herri asanbladan bilkideekin partekatu ondoren. Balorazio horrekin batera, hainbat gai interesgarri jasotzen ditu aldizkari berri horrek!

| 2020-11-10 15:37:00

Urte bete pasa da legegintzaldi berria abian jarri zenetik. 

Aurreko urteetako estiloari jarraituz, Sopelako EH Bilduk oposizio lan arduratsua, kritikoa eta proposatzailea gauzatu du. Herrian dugun pisua islatu nahi izan dugu Udalean ere. Hor kokatzen da urte hasieran EAJ eta PSEren udal gobernuarekin izenpetu genuen 2020rako aurrekontu-akordioa, etorkizuneko Sopela irudikatuko duten proiektu estrategikoei bultzada emateko: kultura-ekipamenduak, Zipiriñeko espazio-arazoak konpontzeko irtenbideak, trafikoa leuntzeko saihesbideak, babes ofizialeko etxebizitzak... Alderdikerietatik haragoko udalgintza egin dugu. Blokeo estrategietan oinarritutako oposizio-lanean baino, proposamenetan eta akordioetan zentratu gara.

 

Gure herriko egoerak zorrotz jokatzera eramango gaitu.

Aurrekontu-akordioaren zenbait puntu oso atzeratuta daude (etxebizitza hutsen mobilizazioa, esate baterako). Zenbait udal-zerbitzu publikoetan murrizketak egin ditu EAJ/PSE udal gobernuak (Sopelbus kendu digute; hondartzetan komun publikoak gutxitu eta zerbitzua azpikontratatu dute...). Urdulizeko ospitalerako sarbide zuzena eraikitzeko erabakia hartu dute (Osteikoko errepidea), Olabiden eta Gatzarriñen trafikoa handituz etorkizun hurbilean. Bareñoko supermerkatu berriaren proiektuaren inguruan gardentasun falta nabaria izan da. Covid19 pandemiak eragindako krisiaren kasuan, herritarrei eta merkatariei eman beharreko diru-laguntzak berandu datoz...

 

Etorkizunera begira

Sopelako EH Bildun 3 hausnarketa egin ditugu, legegintzaldi berriko lehen urte honi begira: akordioetarako borondatea bai, baina gure eskakizun mailak gora egin behar du; EH Bilduren oinarri soziala handitu behar dugu, parte-hartzerako bideak irekiz herritarren artean; oposizioko beste alderdiekin lankidetza estutu behar dugu.