AKTUALITATEA


| 2022-02-25 14:02:00

Ekainean, Patricia Alfonso Elkarrekin Podemoseko zinegotziak diru publikoz ordaindutako liberazioa eskatu zuen, Sopelako udal kirol zerbitzuak 20 urtera lizitatzeko EAJren proiektua erraztu ondoren, bere alderdiak berak agindutakoaren aurka eginez. Sopelako Udaleko indar korrelazioa aldatuko zela iragarri genuen orduan, eta hala izan da: atzoko osoko bilkuran, “atxiki gabeko” zinegotziak EAJ/PSE gobernu taldearen proposamen GUZTIAK ahalbidetu zituen bere botoarekin (alde agertuz edo, kasuan kasu, abstenituz). Are gehiago, bere hitzaldian oposizioko indarrak kritikatu zituen, eta bereziki EH Bildu, EAJren proposamenak ez babesteagatik eta blokeatzen saiatzeagatik, atzo bozkatzen ari ziren proiektuei buruzko gardentasun eta informazio faltari buruzko gure kritikak gutxietsiz. Adibide argi bat: atzo 2.100.000 euro onartu ziren erdialdea oinezkoentzako gune bihurtzeko, partida horren atzean aztertu, eztabaidatu eta adostu dezakegun proiektu zehatzik egon gabe.


EAJk ez du adostasunik nahi eta azeleragailua zapaltzen ari da 2023ko udal hauteskundeei begira. Josu Landaluze egungo alkatea prest dago bere proiektuak inposatzeko, nahiz eta bere udal gobernua, teorian, gutxiengoan egon. Horretarako, ez du zalantzarik izango zinegotzi transfugaren babesa lortzeko. Izan ere, dagoeneko hori berori egiten ari da, 2021eko ekaineko osoko bilkuran ohartarazi genuen bezala.


Lehenik eta behin, Patricia Alfonso zinegotziaren dimisioa eskatzen dugu automatikoki berriz ere. EAJk eta PSEk aukeratu duten bidelaguna legegintzaldi honetako udal-politikaren pasarte lotsagarrienaren protagonista da. Bigarrenik, gobernu-taldeak sortutako egoeran duen erantzukizuna azpimarratzen dugu. Hirugarrenik, esan behar dugu EH Bilduren aldetik oposizio arduratsu eta eraikitzailea egiten jarraituko dugula. Eta EAJren proposamen alderdikoi eta interesatu bakoitzari, Sopelaren etorkizuna hipotekatuko ez duten alternatiba aurrerakoiak aurkezten jarraituko dugu.