Sopela

Albisteak

Memoria historikoa eta hura berreskuratzea Sopelan eta Uribe Kostan


| 2020-11-09 10:10:00

 

Memoria historikoa “turismoa erakartzeko tresna” gisa?

EAJ/PSEren gobernu-taldearen hasierako proposamena zen memoria historikoari buruzko guztia Burdin Hesiarekin lotuta egotea, turismo sailaren barruan. EH Bilduk proposatuta, 5.000 euroko partida bat sortu da, frankismoaren garaiko Sopelari buruzko ikerketa bat egiteko. Hala, memoria historikoa eta turismoa bereiztea proposatzen genuen: izan ere, gure ustez, memoria historikoa "turismoa erakartzeko tresna" gisa ulertzea haren esanahiaren perbertsioa da.

 

Bigarren Errepublika eta Gerra Zibila Sopelan eta Uribe Kostan

Aurrekontuetako 5.000 euroko partida horrekin, EH Bilduk ikerketa zehatz eta gauzagarri bat proposatu zuen Sopelarentzat: gure memoria historikoa berreskuratzeko lehen urratsa.

Hala, 2020ko uztailean, EAJ/PSEren gobernu-taldeari proposatu genion Sopelara ekar zezala Urdulizko Udala gaur egun Eusko Ikaskuntzarekin lankidetzan egiten ari den memoria historikoari buruzko ikerketaren eredua, gure udalerrira egokituta.

Ikerketa horrek 1931 eta 1939 arteko garai historikoa ezagutzera eman nahi du. Garai hori Bigarren Errepublika eta Gerra Zibilarekin bat dator. Horrek Sopelako garai horretako ezagutza historikoaren egungo hutsunea betetzen lagunduko luke. Horretarako, garai hartan bizi izan ziren sopeloztarren ahozko testigantzak bilduko dira eta gure historiaren garai nahasi hori hobeto ezagutzeko dokumentazio argitaragabea aurkeztuko da. Azken emaitza gisa, hori guztia monografia batean islatuko da.

 

Aurrera proiektuarekin

Sopela bere memoria historikoa berreskuratzen hasteko aukera dago. Urdulizen egiten ari den lana aprobetxatu behar da. Hala, Sopelako Udalak aurrekontu-aldaketa bat egin du urrian bertan, eta beste 5.000 euro eman dizkio memoria historikoaren hasierako partidari, ikerketa-proiektu horri ekiteko. 

 

Frankismoaren biktimen memoriaren ordain morala

EH Bilduk arlo honetan sakondu nahi du: memoria historikoaren eremuan egin daitezkeen ikerketa gehiago daude.

Horrela, eta UPV/EHUko Historia Garaikideko Sailaren aholkularitzaren bidez, unibertsitate bereko Giza Eskubideen eta Botere Publikoen Katedraren laguntzarekin, beste ikerketa-ildo bat ireki daiteke legegintzaldi honetarako: Gerra Zibilaren eta errepresio frankistaren ondorioz Uribe Kostan hildako pertsona guztien bilketa biografikoa, hain zuzen ere, Barrika, Berango, Gorliz, Lemoiz, Plentzia, Sopela eta Urdulizko udalerrietan.

Asmoa da Uribe Kostan Memoria Historikoaren egia aitortzeko prozesua garatzen laguntzea eta frankismoaren biktimen memoriaren ordain morala ematen laguntzea. Hori guztia, Gerra Zibilean eta diktadura frankistan gertatutakoaren egiaren mapa batera hurbilketa zintzo eta zorrotza egingo duen ikerketa baten bidez. Proiektu horrek arreta berezia jarriko die gure bizilagunek jasandako exekuzioei, desagertze behartuei, atxiloketei, lan behartuei eta erbesteari, eta hori guztia, gainera, pizgarri handi batekin: Nazioarteko Zigor Zuzenbidearen irizpideekin bat datorren sailkapen bat dela, alegia.

Argazkia: Munarrikolandako bunkerra (iturria: https://www.guregipuzkoa.eus/es?s=Sopelana&lang=es).