Sopela

Albisteak

KALEAK BERRESKURATZEKO GARAIA DA


Trafikoaren arazoa lehen mailako kezka da Sopelako biztanleentzat. Arazo hori larriagotu egin da azken urteetan, eta are gehiago larriagotuko da, behingoz ez badira neurriak hartzen.

| 2020-11-08 09:20:00

MUGIKORTASUNA ALDATU 

Trafikoaren arazoa lehen mailako kezka da Sopelako biztanleentzat. Eskualdeko hiri- eta biztanleria-hazkundeak, mugikortasun motorizatuaren eta biztanleko ibilgailu-kopuruaren hazkundearekin batera, Sopela eta Urdulizko hiri-bilbearen hazkundearekin, ospitalearen eraikuntzarekin edo Berangoko megaparkarekin batera, arazo hori larriagotu egin dute.

Sopelak tokiko kaleetan eta zeharbideetan arazo bat du, trafikoarekin lotuta: behin eta berriz gertatzen dira harrapatzeak, istripuak, zarata maila osasungarrietatik gora dago, anbulantziak, pilaketak, etab.

Sopelan udalerriko eta eskualdeko mugikortasun-plan bat, bizikletentzako plan bat eta irisgarritasun-plan bat izan arren, ez dira konpondu trafiko arazoak eta, batez ere, bizikidetza-eremuetatik igarotzen den trafikoa; aitzitik, larriagotu egin dira, eta are gehiago larriagotuko dira, behingoz ez badira neurriak hartzen.

 

EZIN DA GEHIAGO ATZERATU

 

Plan horiek kaxoietan zimeltzen ziren, harik eta duela 6 urte Bilduko alkatetzak azterlan horien gomendioak jaso eta alternatiben azterketa bat egiteko eskatu zuen arte. Azterlan hori abian jartzen hasi zen, plan horietan jasotzen ziren datuen larritasuna ikusita (mugikortasunaren %64,1 automobilez egiten da; oinez egindako bidaiak %25,4 baino ez dira, eta garraio publikoa %9,1 baino ez da – erdia metroan –). Zoritxarrez, udal-gobernua aldatzeak planteatutako proiektuak (saihesbideak, oinezkoentzako guneak…) geldiaraztea ekarri zuen (2015-2019 legegintzaldiko lau urteetan).

Duela urtebete, EH Bilduk berriz ere proposatuta, Erripako saihesbidea eraikitzeko prozesua abian jartzea jaso zen aurrekontu-proiektuan. Saihesbide horrek nabarmen murriztuko du erdiguneko kaleetako trafikoa, eta trafikoa baretzeko jarduketak bultzatuko ditu: oinezkoen eta bizikleten lehentasuna hirigunean, abiadura murriztea bidearen arabera, etab.

Helburua Sopelako bizilagunen bizi-kalitatea hobetzea da, udalerriko erdigunean mugikortasuna hobetuz, mugikortasun jasangarriaren kontzeptua landuz, pertsonen eskalako hirigintzaren arabera. Hau da, hiri-mugikortasunaren lehentasunak alderantzikatu, pertsonak erdigunean jarrita: eguneroko bizitza, zaintza-lanak, oinezkoen eta bizikleten joan-etorriak, etab.

 

TEKNIKARIEN GOMENDIOAK

Aipatutako PMS horretan gomendioak garbiak ziren:

  1. Edukiera handiko bide-azpiegitura berriak egitea saihestea, auto pribatua erabiltzera bultzatzen dutenak. Horretarako, egungo bideak lasaitzeko eta/edo berrantolatzeko neurriak bultzatuko dira, trafikoa modu orekatuagoan birbanatzeko.
  2. Automobilaren erabilera murriztuko duen aparkaleku-eskaria kudeatzea. Helmugako aparkalekuek ibilgailu pribatuaren erabilera areagotuko duen eskaera induzitua eragiten dute, hain zuzen ere mugikortasun iraunkorrari dagokionez lortu nahi denaren kontrakoa.
  3. Azkenik, eta edozein bide-irtenbideren printzipio zatiezin gisa: trafikoaren zati handi bat garraio kolektiborantz eramatea, okupazio handiko ibilgailuen erabilera sustatzea eta ibilgailu motorizatu partikularra erabiltzeko disuasioa.

 

LEHEN URRATSA DA, BAINA GEHIAGO EMAN BEHAR DIRA

Erripako saihesbideak erdiguneko trafikoa lasaitzeko jarduketak bultzatuko ditu. Getxotik datorren trafikoak, berriz, Larrabasterra auzoa zeharkatzen jarraituko du, eta, beraz, Urkoko saihesbideari ekin beharko litzaioke, are gehiago kontuan hartuta Abaron etxebizitzak eraikiko direla.

Halaber, funtsezkoa izango da etorkizunean garraio publikoa berrantolatzea, eskaria behar bezala kudeatze aldera, ibilgailu pribatuaren erabiltzaileak garraio publikora bideratzeko helburuarekin: metroaren maiztasun handiagoa, Bizkaibuseko A3531 (Mungia) eta A3451 (Armintza) lineen maiztasuna handitzea eta Sopelbuseko linearekin sinkronizatzea, etab.