AKTUALITATEA


| 2019-11-21 11:33:00

 

Guruzne Carrasson: "Batzar guztietako kidea izanik, ez dut azkenengo bi batzordeko deialdirik jaso".

Sopelako zinegotziak aipatu duenez, "deialdia Sopelako Udalera bidali zuten bai emailez eta bai faxez, udalak, aldiz, ez duela holakorik jaso dio. Gehien harritzen nauena, ingurumeneko batzordeko deialdia, lehena izan zena, bai jaso nuela, beraz, nire helbide pertsonala zein den badakite".

Deialdiak egiterakoan gertatu den irregulartasuna haratago doa: "deigarria iruditu zitzaidan ere, euskara eta berdintasuneko batzordeak ospatu ostean, jarraian, (bata hurrengo egunean eta bestea egun berdinean) bileraren laburpena, akta edo aurkezpena nire helbide pertsonalera heltzea".

 

Deialdiak modu egokian egiteko betebeharra

Zinegotziaren ezinegona eta haserrea begebistakoa da: "ez nintzenez batzordeetan aurkeztu, ondoren, Sopelako udaletxera deitu zuten nire datuengatik galdetuz. Nire galdera hurrengoa da, ezin zan lan hori deialdiak egin baino lehen burutu? Badakit gainera ez naizela izan deialdia jaso ez duen bakarra. Berriz diot, ingurumeneko deialdia denboraz jaso nuen gainera".

Carrassonek deialdiak legeak agindu bezala egitea eskatu du. "Nire iritziz, mankomunitateak, deialdia kide guztietara helaraztea bermatu behar du, email pertsonalera bidaliz. Horretarako badago udaletara deitzea, adibidez". Horrez gain, Batzorde horietan erabakitako gaiak berriz ere eztabaidatzea eskatu du: "eskatuko dut, hurrengo batzordeetan berriro eztabaidatzea bileren maiztasuna, eguna eta ordutegia".

 

Sopelako EH Bilduren eskakizunak

Ezkerreko talde independentistak bi eskakizun zehatz aurkeztuko ditu Mankomunitatearen azaroaren 27ko osoko bilkuran:

  1. Mankomunitateak deialdiak kide guztietara helaraztea bermatu behar du, ordezkariaren email pertsonalera edo helbidera bidaliz.

  2. Hurrengo batzordeetan berriro eztabaidatzea bileren maiztasuna, eguna eta ordutegia.

Gogoratu dezagun, bide batez, Sopelako EH Bilduk Mankomunitatean lortu duen pisua (osoko bilkuran ordezkari bat eta batzordeetan ordezkaritza bana), nahiz eta pisu hori ez da eman Uribe Kostako gainontzeko herrietan (Gorliz, salbuespen), Uribe Kostako EH Bilduk bere garaian salatu zuen bezala. Pisu horrek ematen dizkion eskumenak egikaritzeko, beharrezkoa da, noski, deialdiak behar bezala jasotzea.

 

Mankomunitatea: kudeaketa desegokien erakusle

Azken finean, deialdiekin gertatutakoa adibide bat besterik ez da, Uribe Kostako Mankokunitateak kudeaketa alorrean egun dituen gabezien erakusle, alegia. Bitartean, kudeaketan eta koordinazioan hobetzeko EAJ-ren zinegotzi bat liberatu du Mankomunitateak, "neurriz kanpoko soldatarekin", Uribe Kostako EH Bilduk salatu duen bezala. Ikusi behar liberazio horrek zelako eragina duen Mankomunitatearen kudeaketan.