AKTUALITATEA


| 2019-11-18 09:51:00

 

Durangon EH Bilduk antolatutako formakuntza saioa

Larunbat honetan, azaroaren 16an, Durangon antolatutako formakuntza saioan, EH Bilduren euskara alorreko koordinatzailea den Xabier Isasi-k argi utzi zigun zein de Euskarari zor zaion lekua udal administrazioan: "lan egiteko, komunikatzeko eta zerbitzuak eman eta jasotzeko hizkuntza izan behar du Euskarak". Hori lortzeko bidea ere finkatu zuen: "Udalgintza izan dadila euskararen normalkuntzarako giltza nagusia".

 

Hizkuntza zapalkuntza oso asimilatuta daukagu, etengabean erreproduzitzen dugu

Euskaldunok ohikoa dugu gure hizkuntza bigarren (edo enegarren) lekuan ikustea. Batez ere, administrazioan. Eta askotan (gehienetan), gure eskubideen zapalkuntza hori onartu egiten dugu.

Zapalkuntzaren asimilazio horri kontra egiteko, Euskara gure udal jardueraren "zentralidadera eraman" behar dugu. Horretarako, "izpiritu errebeldea" izan behar dugula aipatu egin zen hamaika herrietatik etorritako hautetsien artean.

Euskararen inguruko politika zehatzak abian jartzeko, EH Bilduk barne-egitura finkoa asmatu du: EH Bilduren Batzar Nagusia (EH Bilduren hizkuntza politika onartuko duena), Euskararen Nazio Idazkaritza (politika horiek martxan jartzeko), Euskara La Taldea (herrialdeka antolatuta).

Hala ere, herrietan jarri du jomuga EH Bilduk: "Hizkuntza Politikak herrietatik bultzatu behar dira" (behetik gora), eraginkortasunez (neurri praktikoak proposatuz), horizontalki (herri mugimenduekin saretuta) eta malgutasunez (herri bakoitzaren egoera linguistikoaren arabera). Udal politika hauek baitira gure herri izaera sendotzeko tresna.

 

Udal politikak garatzeko tresnak

Hiru tresna nagusi azpimarratu ziren larunbateko saioan, Euskararen Normalkuntzaren alorrean Udak Politikak garatu ahal izateko:

  1. UEMAren Eragin Linguistikoaren Ebaluazioa.
  2. EH Bilduren Euskara Batzordeak emandako irizpideak (aurki herrietan banatuko direnak).
  3. Kontseiluaren Hizkuntza Eskubideak bermatzeko Protokoloa, Udalei zuzenduta.

Tresna horiek baliagarriak izan daitezke EH Bilduk gai estrategikotzat jotzen duen EUSKALDUNTZEA gauzatzeko: "Gure ustez funtsezkoa da euskara normalizatzeko estrategia komun bat landu eta sendotzea, pertsona eleaniztunez osatuta egongo den eta XXI. mendeko euskal jendartearen kultura-aniztasuna errespetatuko duen Euskal Herri euskaldun bat lortzeko".

 

Eta Sopelan zer?

EH Bildun argi utzi genuen zein den Euskararen alorrean dauzkagun asmoak. Legegintzaldi honetarako herri-programan esan bezala:

"Euskararen normalkuntzan pauso errealak eta eraginkorrak emateko, Udalak behar besteko
baliabideak euskararen esku utzi behar ditu:

  1. Euskara Plan Integrala abian jarri (kanpainak: komertzioetan, hezkuntza alorrean, udal
  2. zerbitzuetan).
  3. Euskara teknikari propioa.
  4. Euskaltegiaren gaur egungo kudeaketa eredua berrantolatu eta hobetu".

Orain esku artean dauzkagun erronka nagusiak: 2020ko udal aurrekontuetan eta udalaren lanpostuen zerrenda berrian (RPT delakoa) Euskararen Normalkuntza zein neurritan den garrantzitsua aztertzea eta horren arabera, proposamenak luzatzea. Euskarari baliabide errealak esleitzea, alegia.

Bitartean, anekdota gisa, hona hemen Urkoko kiroldegiaren atarian Udalak azpikontratatutako enpresak joan den astean jarritakoa: "POLIKIROLDEGIA". Euskarazko KIROLDEGIA hitza erabili beharrean, gaztelerazko "POLIDEPORTIVO" euskaratu dute. Euskal Herriko erakunde publiko batek onartu ezin duen akatsa. Hori salatu genuen joan den ostiraleko Tokiko Gobernu Batzordean. Udalak akatsa laster zuzenduko duela adierazi ziguten.