AKTUALITATEA


| 2020-06-06 12:15:00

 

Igande honetan, Sopelan

“Igande honetan, ekainaren 7an, goizeko 13etatik 14ak arte UDALETXEKO PLAZAN BILDUKO GARA, kartoietan gure aldarriak plazaratuko ditugu eta horiekin MOSAIKO bat eraikiko dugu ZATOZ ETA ZURE ALDARRIA IDATZI!”. Parte hartzeko hiru urratsak azaldu dituzte antolatzaileek: bakoitzak bere aldarria kartoi zati batean idatzi, sareetan zabaldu eta etxetik plazara eramatea, lurrean utziz. Egoerara egokitutako formatu honekin eta hartuko diren beharrezko neurri guztiekin, parte-hartzaile guztien osasuna eta segurtasuna zorroztasunez bermatuko direla ziurtatu dute.

 

Hamaika Gara

 

Fase berri honetan, herritarrok eta gure aldarrikapenek plaza publikoa berreskuratzeko garaia dela uste du dinamikak: “premiazkoa da bizi dugun eta datorren krisiari Euskal Herritik eta guztion artean erantzun behar diogula adieraztea, eta tokiko erabaki burujabeak aldarrikatzea”. Horregatik, Hamaika Gara ekimenean bat egindako eragileek herri erantzun bat emateko deia egin dute iganderako, ‘Hemen erabaki, herritarrok erabaki’ lelopean.

 

“Plazak berreskuratu eta aldarriz bete”

Ekimen bateratu honen bidez, herri eta hirietako “plazak berreskuratu eta aldarriz bete” asmo dituzte asteburuan. Orotara, 50 bat herritan antolatuko dituzte aldarrien mosaikoak, oro har, igandean goizeko 11:00etatik eguerdiko 14:00etara bitartean —Bilboren kasuan, bihar izango da, 12:00etan Eliptika plazan; eta, Lezoren kasuan ere, bihar, 11:00etatik 12:00etara—. Era berean, Nafarroako hainbat herritan hilaren 21ean antolatuko dute ekimena.