AKTUALITATEA


| 2022-11-24 18:21:00

EH Bilduk Sopelako Udalaren azaroko osoko bilkuran oso kritiko agertu da EAJren jarrerarekin, hala ere, HAPO berriaren prozesuaren hasiera berriro ere bultzatu du: “EH Bilduk 2013an ireki zuen lehen aldiz HAPOaren prozesua alkatetzan zegoelarik baina EAJ-ak prozesu hori blokeatu zuen joan den legegintzaldian. Gure lehentasunik handienetarikoa izan da prozesu hori zabaltzea, Sopelak hirigintzaren alorrean duen egoera tamalgarria nolabait zuzendu nahian: etxebizitza arazoak, kaltetutako naturguneak, trafiko arazoak, hezkuntza zentro masifikatuak, zerbitzu publiko prekarioak. Legegintzaldi honetan ireki den prozesu honetan ekarpenak egin ditugu, baina gure proposamen garrantzitsuenak EAJ-ak ez ditu kontutan hartu. Hobeto egin zitekeen, bestelako irizpide aurrerakoiagoak aplikatuz... Hala ere, prozesua zertxobait hobeto dugu onartu dizkiguten zenbait ekarpenekin eta beraz, gure konpromisoei helduz, HAPOa idazteko prozesua aurrera ateratzea ahalbideratuko dugu. EH Bilduren helburu politiko bat da HAPO aurrerakoi bat abian jartzea. Beraz, Sopelako herritarrak eta bereziki Sopelako talde sozialak animatzen ditugu prozesuan parte hartzera Sopelak merezi duen etorkizuna irudikatu ahal izateko.

 

 

Zer da HAPOa eta zergatik da garrantzitsua?

San Andreseko landetan eraiki ahal izango da? Eta kostaldeko beste lursailetan? Zenbat gehiago eraiki ahal izango da Sopelan? Zenbat BOE gehiago? Eta Hezkuntza zentroen beharrak? Anbulategi berri bat? Zelan bultzatu Eraztun Berdea? Zelan konpondu trafiko arazoak saihesbideen bitartez? Galdera horiei erantzuna ematen die HAPO delakoa, hau da, Hiri Antolamenduko Plan Orokorra. Sopela datozen hamarkadetan hirigintzaren alorra antolatuko duen araudia. Etorkizuna daukagu jokoan.

 

 

Guztiz beharrezkoa baina oso berandu dator

Orain arte Sopelako hirigintza 1998ko Arau Subsidiarioek antolatu dute. Araudi hori iraungituta dago. Oso atzerakoia da. Ikustea besterik ez dago araudi horren arabera zelan suntsitu den Sopelako kostaldea (Atxabiribil aldeko 7.1. unitatea horren adibide bat da... txaletak kostalde ondoan!), zelan egituratu den gure herria, erabat desorekatuta, txaletei lehentasuna emanez BOE-en kaltetan, naturguneak apurtuz, trafiko arazo larriak sortuz eta Sopelako hezkuntza-beharrizanei muzin eginez. Viuda de Sainz-en aldeko hirigintza antolamendua hobetu du EAJ-ak urte luzez, interes partikularrak defendatuz Sopeloztarron interesen kaltetan.

 

EH Bildu alkatetzan egon zenean, Sopelako hirigintza antolamendua iraultzen saiatu zen, HAPO berria idazteko prozedura irekiz 2013. urtean. EH Bilduren asmoa irizpide aurrerakoiak aplikatzea zen, bai partehartzean, bai ikuspegi sozial eta ekologikotik. EAJ-ak hainbat legegintzaldietan egin ez zuena egin zuen EH Bilduk. Osoko bilkura batean prozesua hasiz, HAPOa idazteko lizitazioa egin eta lanak esleitu ere egin zituen EH Bilduk.

 

Hala ere, EAJ-ak 2015-2019 legegintzaldian prozesua blokeatu zuen, nahiz eta EH Bilduk gogor ahalegindu HAPO berria bultzatzen. 2017an EAJ-rekin aurrekontu akordio bat ere sinatu zuen, eta akordio horretan HAPO idazteko prozesuarekin jarraitzea hitzartu zen. Alferrik, EAJ-ak ez zuen ezer egin. Sopelako EAJ-ak argitu beharko du noizbait zergatik urte luzez HAPOaren idazketa blokeatu duen. Erantzukizun politikoa du EAJ-ak Sopelaren egungo hirigintza-egoera tamalgarrian.

 

 

Hobeto egin zitekeen... baina HAPOaren prozesua aurrera ateratzea erraztuko dugu

Aurreko legegintzaldietan bezala, oraingoan ere lehentasuna izan da HAPOa EH Bildurentzat. Gure herri-programan argi eta garbi aipatzen genuen eta beraz, gure konpromisoa da. EAJrekin 2020an eta 2021ean sinatutako aurrekontu akordioan HAPOaren prozesua abian jartzea finkatu genuen. Gure helburua irizpide aurrerakoiak txertatzea da HAPOAren prozesuan.

 

Eta horrela egin dugu azken bi urteetan. Lehenik eta behin, lizitazio-pliegoetan irizpide kualitatiboak txertatzea proposatu genuen, lan berritzaileak eta aurrerakoiak baloratuak izateko. Eta udal gobernuaren ezezkoa jaso genuen. HAPOaren parte-hartze programan hainbat ekarpen ere egin ditugu, baina garrantzitsuena ez da kontutan hartu, herri galdeketak egitearen aukera, alegia. Azken ekarpen hori oso garrantzitsua izan daiteke, adibidez, Urko saihesbidearen inguruan herriak erabakitzeko eskubidea bermatzeko.

 

Aipamen berezia behar du izan EAJ-ak 2013ko osoko bilkura hartan onartu zen parte-hartze programa ez duela kontutan hartu. Udal teknikariek egindako programa hori orain aurkeztu digutena baino askoz aurrerakoiagoa zen: parte-hartze fase gehiago aurreikusten zituen, metodologia partehartzaileak gehiago zehazten zituen eta herri-galdeketaren aukera ezartzen zuen. EAJ-ak berebiziko motibazioa izan du EH Bilduren ekimenak blokeatzeko, bestelako herri eredu bat defendatzen dugulako.

 

Dena dela, udal gobernuaren ezezko hauek gora behera, uste dugu HAPOaren prozesua aberastu dugula egin ditugun eta orain arte onartuak izan diren ekarpenekin. Hobeto egin zitekeen, bestelako irizpide aurrerakoiagoak aplikatuz... baina gure partez, gure konpromisoei helduz, HAPO prozesu honen hasiera erraztuko dugu. Izan ere, EH Bildu izan da historikoki HAPOaren alde sutsuki agertu den udal taldea.

 

 

HAPO aurrerakoi bat helburu: denok parte hartzera!

EH Bilduren helburu politiko bat da HAPO aurrerakoi bat abian jartzea, Sopelarentzat etorkizun bizigarri bat irudikatzeko. Zer esan nahi du HAPO aurrerakoi bat aipatzen dugunean? Kohesio soziala bermatuko duen hirigintza-araudia nahi dugu, jasangarritasuna bermatuko duena gure naturguneak indartuz, hirigintza alorrean ikuspegi feminista txertatuko duena, pertsonak eta komunitatea erdigunean jarriko dituena, zaintza bere dimentsio guztietan bultzatuko duena, herriaren beharrizanak aseko dituena hezkuntzan zein bestelako zerbitzu publikoen alorrean... Sopelako herritarrak eta bereziki Sopelako talde sozialak animatzen ditugu prozesuan parte hartzera Sopelak merezi duen etorkizuna eraiki ahal izateko.