Sopela

Albisteak

“GURE LARRABASTERRA MAITEA”: EH Bilduk Larrabasterra biziberritzeko plan bat eskatzen du!


Larrabasterra hobetu beharra dago. Auzoaren BIZI-KALITATEA hobetu, azken finean. Sopelako EH Bilduk Sopelako zonalde garrantzitsu hau eraldatzeko eta biziberritzeko PLAN INTEGRALA martxan jartzea proposatzen du, NATURA, KOMUNITATEA eta MUGIKORTASUNA bultzatuz. Plan honek 6 ardatz izan beharko lituzke: Urgitxieta plazako iturria kendu eta gune estalia jarri, Iberrota eta Urko artean aisialdirako gune naturala sortu, Iberre hobetu, bizi-kalitatea bermatu trafiko arazoa konpontzeko saihesbideak ezarriz. Edonola ere, auzokideen PARTE-HARTZEA beharrezkoa dela uste dugu, biziberritze plan hori diseinatzeko.

| 2020-10-11 20:14:00

 

 

1) Urgitxieta plaza

Larrabasterrako bihotza da Urgitxieta Plaza. Hala ere, erdigune hori gehiago indartu behar dela uste dugu, horrek auzoaren bizitza soziala eta komertziala (komunitatea) dinamizatuz. Gaur egungo iturria kendu eta bertan gune estali bat finkatzea proposatzen dugu (haurrentzat jolasgunea, lasai egoteko zonaldea...). Horrez gain, egungo iturriaren aurrean dagoen kalean (Gatzarriñe kalearen hasiera) oinezkoek lehentasuna izateko aukera aztertzea eskatzen dugu.

 

2) Iberrota eta Urko

Zonalde guzti horretan auzokideentzako aisialdirako gune naturala prestatzea eskatzen dugu, Iberrota plazatik (bertan jolasgune eta aisialdirako gune lasai bat sortuz) Urkoko hezeguneraino (Lemotza eta Gobela artean dagoen ingurune hori ekologikoki berreskuratuz). Larrabasterrako auzokideek naturaren lasaitasunaz gozatzeko “arnasgunea”. IKUSI TXOSTEN OSOA!

 

3) Iberre

Auzoaren bizi-kalitatea hobetuko dituzten kaleko hornigaiak, espaloien konponketak eta abarreko hobekuntzak gauzatzeko unea heldu da.

 

4) Trafikoa

Gatzarriñe eta Loiola-Ander Deuna kaleek eskualde osoko trafikoa hartzen dute beraien bizkarren gainean (Urdulizeko ospitalea eta Berangoko merkatal guneek arazoa areagotu dute). Egoera hau jasanezina da eta auzokideen bizi-kalitateari kalte izugarria eragiten die. Urkoko saihesbidea (“Hegoaldekoa”) eta Ingestabaso kaleko saihesbidea (“Iparraldekoa”) martxan jartzea eskatzen dugu: Gatzarriñen eta Loiola-Ander Deunan trafikoa arintzea ez da irtenbidea. Bestetik, Metroaren maiztasuna Sopelan handitzea beharrezkoa da, Larrabasterraren trafiko eta aparkaleku arazoak konpontzeko.

 

5) Ekipamendu kultural eta komunitarioak

Joan den legegintzaldian EAJ eta PSEren Udal Gobernuak Sopelarin saldu zioten Mankomunitateari. Horrek Larrabasterraren gabezi handietako bat azalarazi zuen: ekipamendu publikoen falta, jarduera kultural eta komunitarioak gauzatzeko. El Karmen ermita behar horiek asetzeko aproposa izan daiteke (Elizak auzoari lagatzea, alegia).

 

6) Auzokideen parte-hartzea

Larrabasterrako bizi-lagunek ondo dakite auzoak zer behar duen. Metodologia serio batean oinarrituz, Larrabasterran hobekuntzak egiteko parte-hartze prozesu orokor bat abian jartzea beharrezkoa ikusten dugu. Bizilagunen ekarpenak jasotzea ezinbestekoa da.

Ikusi INFOGRAFIA OROKORRA.

“Gure Larrabasterra maitea” izenburua, Jose Mari Unanuek Larrabasterrako auzokideak idatzitako artikulu baten omenez jarri dugu (2019/03/19).