AKTUALITATEA


| 2019-12-27 08:55:00

 

Euskara agenda politiko-sozialaren erdigunera!

Kike Amonarrizen hitz batzuk azpimarratu nahiko genituzke, lehenik eta behin: "Lortu behar dugu erabilera jartzea agenda politiko-sozialaren erdigunera, euskararen "aldeko" sinbolismoak eta ondorio praktikorik gabeko aldarriak baztertuz". Sopelako EH Bilduren ustez, EUDEL adierazpen instituzionala "sinbolikoa" da. Ondorioz, urrats "errealak" eman behar ditu Sopelako Udalak Euskararen alorrean.

 

Euskararen egoera Sopelan

Azken aldian kritika gogorrak jaso ditu Sopelako Udalak Euskararekiko duen jarrera "errealarekin": kultura eskaintzan Euskarak duen pisu murritza, euskarazko bertsioan akats larriak dituen udal kartelak, Urko kiroldegiko sarrerako errotuluan akatsa eta abar.

 

EH Bilduk proposatutako neurri zehatzak

Abenduko informazio-batzordeetan EH Bilduk neurri eta lan-ildo zehatzak proposatu zituen, Euskararen egoera iraultzeko. "Sinbolismoetatik" haratago, Euskararen Eguna dela eta, EUDEL-ek prestatutako adierazpen instituzionala osatzeko asmoarekin (hau da, adierazpen instituzionalean finkatutako irizpide orokor horiek garatzeko), Sopelako Udalak honako konpromisoak hartzea proposatu dugu:

  1. Udalak lehentasunez erabiltzea euskara, bere jakinarazpen eta gainerako erakunde, hornitzaile zein elkarteekiko harremanetan.
  2. Gure administrazio publikoaren kontratuetan hizkuntza-irizpideak zehaztea eta ezartzea.
  3. Administrazio publikoen kontratazioetan ziurtagiriak —Bikain eta Bai Euskarari, besteak beste— bateratu eta indartzeko neurriak hartzea.
  4. Euskararen erabilera sustatzen duten hainbat tresna sustatzea, hala nola softwarea eta oinarrizko aplikazioak euskaraz, astialdirako IKT produktuak, .eus domeinua eta euskararen erabilera interneten.
  5. Urte anitzeko hitzarmenak sustatzea euskarazko toki-komunikabideen jasangarritasun ekonomikoa eta egonkortasuna bermatzeko.
  6. Euskararen erabilera eta presentzia bermatzea erabiltzen ditugun komunikabide guztietan.
  7. Kirolaren euskalduntze-bidean lan egitea, federazioarekin eta tokiko klubekin elkarlanean.
  8. Gazteentzako euskarazko aisialdi-zerbitzuak sustatu eta zabaltzea.
  9. Familia-eremuetan euskararen erabilera eta transmisioa sustatzea.
  10. Migratzaileentzako laguntza-ildoak aktibatzea, euskara ikasteko eta euskal kulturara hurbiltzeko aukera izan dezaten.
  11. Enpresetan euskararen erabilera normalizatzeko ekimenak aktibatzea, euskara laneko eta zerbitzuetako hizkuntza izan dadin, enpresetan euskara erabiltzeko planak indarrean jartzen lagunduz.
  12. Eremu guztietako eragileekin —hau da, merkatari-elkarteekin, sindikatuekin eta beste hainba erakunderekin— akordioak bilatzea, euskararen normalizazioa bultzatzeko lana har dezaten.
  13. Herriko gizarte eragile eta euskalgintzarekin batera elkarlanari eustea, esate baterako, Euskaraldiari begira.