AKTUALITATEA


| 2022-12-14 21:50:00

Larrabasterrarekin, zahar-etxearekin eta Zipiriñerekin egin duen bezala, EAJk oraingoan ere Sopelarentzat oso gai garrantzitsu bat erabili du bere interes alderdikoietarako: eraztun berdea. Eta aurrekoetan bezala, formak eta begirune politikoa gutxi zainduz.


EAJren kasketa

Instagram kontuan zabaldutako mezu batean, Sopelako EAJk galdera hau egin du: "EH Bilduk eraztun berdea babesten du?". Izan ere, EAJren arabera, “gobernu taldeak orain arteko partidarik altuena sortu du, 50.000 €-koa, eraztun berdeko ekintzetarako, 2023ko aurrekontuaren barruan, Agenda 2030eko ekintzekin jarraitu ahal izateko. EH Bilduk ezetz esan dio proposamen horri”.


Antza, EAJren kasketa azaroko osoko bilkuran du jatorria: oposizioko 3 alderdiek eta zinegotzi transfugak EZEZKOA bozkatu zioten gobernu taldearen 2023ko aurrekontu proiektuari. EH Bilduren ustez, EAJ-ak ez zituen aurrekontu horiek negoziatu nahi izan, eta gainera aurrekontu horiek ez zieten erantzunik ematen Sopelaren beharrei.


EH Bilduk gezurtatutako kalumniak

Ezkerreko udal talde independentistak dagoeneko azaldu zuen eraztun berdearen partidari buruzko bere jarrera, bai eraztun berdearen irailaren 22ko batzorde iraunkorrean, bai urriaren 5eko kontseiluan, bai azaroaren 9ko batzorde iraunkorrean, baita urriaren 20ko eta azaroaren 16ko udaleko ogasun batzordeetan ere. Baita azaroaren 24ko osoko bilkuran ere. Behin eta berriz errepikatu dugu: eraztun berdea ezin da erabili hauteskunde-arma gisa, eta, beraz, proposatu genuen partida hori 2023ko aurrekontuen negoziazioetatik ateratzea eta proiektu hori finantzatzea, 2022ko aurrekontuak aldatuta, bai zuzenean alkatetza-aginduaren bidez, bai osoko bilkuraren erabakiaren bidez (aukera hori posible da, udaleko kontu-hartzailearen arabera). Gainera, eraztun berdearen partida 2030 Agendari lotuta ez egotea eskatzen genuen, baizik eta agenda horrekiko independentea izatea. Azkenik, EAJk proposatutako 50.000 €-ko partida txikiegia da: eraztun berdea estrategikoa bada Sopelarentzat, partida askoz handiagoa izan behar da. “Beste lehentasun batzuk ere badaude”, esan zigun alkateak.