AKTUALITATEA


| 2022-04-01 09:23:00

EH Bilduk atzoko osoko bilkuran adierazi zuenez, “oposizioko udal taldeak hirigintza batzordearen biharamunean Udalak etxeetara bidalitako eskuorrien bidez jakin izan genuen prozesuaren berri. Beraz, ezin izan dugu ekarpenik egin prozesu horren diseinuan”. Era berean, prozesu horri egin ahal izango zizkioten ekarpenak azaldu zituen.

Lehenik eta behin, “proiektuen zerrenda itxia da, hau da, Larrabasterrako bizilagunek ezin dituzte alternatibarik planteatu, gobernu taldeak galdetegian jasotako ekarpenez gain”.

Bigarrenik, “Galdetegiak ez ditu proiektuak berretsi nahi, onartutzat jotzen ditu zuzenean. Horrela, galdetegiak ez du aukerarik ematen proiektu horiei aurka egiteko eta alternatibak proposatzeko. Proposatutako ideia horien osagarriak proposatzeko aukera baino ez du ematen”.

Azkenik, EH Bilduk herritarrei emandako informazio falta kritikatu zuen: Karmengo baselizari dagokionez, non ekipamendu kultural bat sortzea proposatzen den, ez da aipatzen apezpikutzak eraikina laga eta eraberritzeko eskatzen duen kostu handia; Urko-Iberrotako eremu naturalari dagokionez, ez da aipatzen EAJk eta PSEk paddle pista berriak eraikitzeko proposamena hezeguneetatik gertu, eta horrek kalte handia egingo lioke ingurumen-eremu horri.


Gobernu-taldearen proiektuak justifikatzeko makillajea

EH Bilduk uste du legegintzaldi honetan Sopelako Udalak egindako parte-hartze prozesuak EAJ/PSE gobernu-taldearen tresnak besterik direla, bere proiektuak aurrera ateratzeko: "Manipulatutako eta bideratutako prozesuak dira, makillajea soilik, Sopelako herritarren benetako parte-hartzearen alde egin gabe".