AKTUALITATEA


| 2022-03-02 10:53:00

PADDLE PISTETARAKO KOKAPEN BERRIA

Otsaileko osoko bilkura honetan, paddle pista berrien kokapena aldatzea proposatu du EAJk. Pista horiek Sopelako kirol instalazioen emakida pleguan jasotzen ziren eta igerilekuen ondoan dauden egungo pistak desegin ondoren eraiki nahi ditu gobernu taldeak: Urkoko kiroldegiaren atzetik (planifikatu zuen lehen tokia) UGE aparkalekuaren ingurura eraman nahi ditu, Urkoko hezegunetik gertu.

Lehenik eta behin, EH Bildu ez dator bat egungo paddle pistak kentzeko proposamenarekin. Egungo kokapena egokia da (herriaren erdigunea, igerilekuen ondoan) eta, gainera, 7 urteko erabilera baino ez dute. Diru publikoa alferrik xahutzea da hori.

Bigarrenik, arrazoi ekologikoak argudiatuta, EH Bildu ere ez dator bat paddle pistei eman nahi zaien kokapen berriarekin. Instalazio berriak Urkoko hezeguneak inbadituz kokatu nahi dira, ingurumenarekiko interes handia duelako zaindu beharreko eremu naturalaren baitan: gogoratu, gainera, eremu hori 2015ean berreskuratu zela Eusko Jaurlaritzaren diru-laguntza batekin, Europako funtsei esker hornitua. Arrazoi ekologikoengatik, EAJk Urkoko kirol-hirian duen proiektuaren aurka geunden, eta paddle pisten kokapen berriari dagokionez, koherenteak gara jarrera horrekin.

Hirugarrenik, kokapen berri horrek ez du KIRIBILE elkartearen oniritzirik. Elkarte hori Sopelako bizilagunen talde batek osatzen du, eta gure herriaren natura-ondarea eta bertako biodibertsitatea kontserbatzea eta hobetzea du helburu. Kirol-instalazioen jarraipen-batzordeak 2022ko otsailaren 21ean egindako ezohiko bileran, gobernu-taldeak adierazi zuen, batzordeko presidentearen bitartez, “pisten aurreikusitako okupazioa bateragarria dela gaur egun Kiribilek sustatzen duen proiektuarekin”. Ezohiko batzorde horren ondoren Kiribile elkartearen idazki bat iritsi zitzaigun, udaletxean formalki erregistratu, kokapen berri hori osoko bilkuran ez onartzeko eskatuz, ingurumen arrazoiengatik.


Laugarrenik, Paddeleko pistetarako aurreikusitako kokapen berriak erabiltzaileentzat ere kalteak dakartza. Kokapena dela eta, aldagelak eta dutxak izateko eskubidea galduko lukete, ez baitago aurreikusita Urkok tokirik pista horietarako.

Azkenik, puntu hori osoko bilkuran bozkatzeko jarraitutako prozedura ere kritikatzen dugu. Modu harrapatuan dator, planifikazio eta aurreikuspen faltarekin, ohiko batzordetik 7 egunera ezohiko kirol batzorde bat antolatuz, osoko bilkura horren barruan sar daitezen. Aparteko batzordea, gainera, udalaren diru-kutxari aparteko gastua eragin diona.


Otsailaren 24ko osoko bilkuran, puntu hori aurrera atera zen EAJ eta PSEren aldeko botoekin eta zinegotzi transfugaren abstentzioarekin. EH Bilduk, Elkarrekin Podemosek eta DBTUk aurka bozkatu zuten, gaia gai-zerrendatik kentzeko eskatu ostean.


 

OBRA-LIZENTZIAREN LUZAPENA ETA KOSTUAREN GAINEKOA

Otsaileko osoko bilkura horretan, halaber, bozketara eraman zen BPX Sportek, Sopelako kirol-instalazioen emakidadunak, Urko inguruan paddle pistak eraikitzeko eskatu beharreko obra-lizentzia luzatzea.

Lehenik eta behin, osoko bilkuran BPX Sporten profesionaltasunik eza kritikatu genuen, dagokion unean obra-lizentzia ez eskatzeagatik, nahiz eta enpresa horrek lizitazioa egin zenetik argi izan noiz eskatu behar zituen obra-baimen horiek. Gogoratu enpresa horrek Errenteriako kiroldegien kudeaketa modu ulertezinean utzi zuela kontratua indarrean zegoenean. Gainera, ezin dugu ahaztu Sopelako kirol-instalazioetako langileak kontzentsionario berriaren esku jasaten ari diren lan-baldintzen prekarizazioa.

Bigarrenik, kezka handia sortzen digu paddle pisten proiektu honek izango duen gainkostuak; izan ere, EAJ-ak gainkostu horrek udalaren altxortegian eragina izatea nahi du, eta ez enpresa emakidadunaren gain. Harritu egiten gaitu behin eta berriz kontratuaren baldintzak enpresa honen alde aldatzea. Aldiz, kiroldegiko erabiltzaileen kuoten igoera bezalako puntuak tratatzen direnean, puntu horiek mugiezinak dira eta ezin dira batere aldatu Udalaren eta herritarren mesedetan.


Azkenik, puntu hori ere aurrera atera zen EAJ, PSE eta zinegotzi transfugaren aldeko botoekin, Elkarrekin Podemoseko zinegotzi bakarraren abstentzioarekin. EH Bilduk eta DBTUk kontrako boto eman zuten.


BERRIZ ERE, 15+5 URTERAKO LIZITAZIOAREN AURKA

EH BILDU beti agertu izan da 15+5 urterako kiroldegiaren lizitazio prozesu polemikoaren aurka, hasieratik irregulartzat eta politikoki onartezintzat joz, gainerako indar politikoekin adostasunik gabeko gobernu-taldearen erabakia delako eta Podemosetik kanporatutako zinegotzi transfugaren babes bakarrerkin (hain zuzen ere, Podemosetik kanporatua izan zen EAJri babesa emateagatik, bere alderdiaren jarrera alde batera utzita). Horregatik guztiagatik, EH Bilduk jarraipen zorrotza eta oso kritikoa egingo dio esleipen-prozesu honetatik eratorritako afera guztiei.