AKTUALITATEA


| 2019-10-25 15:02:00

 

Sopelako kiroldegietako langileak borrokan

Sopelako kiroldegiko langileak (egun Be One-Serviocio enpresako soldatapekoak) berriz ere borrokan daude sektoreko langileen lan baldintza duinak aldarrikatzeko eta herritarrentzat kalitatezko zerbitzuak eskaintzeko. Hori dela eta, urriaren 28tik azaroaren 10era bitartean etenak egingo dituzte, ekainean egin zuten bezalaxe. Bizkaia mailako lan-hitzarmen sektoriala negoziatzeko eskaria egiten dute, hitzarmen duin bat lortu nahian.

Horretarako, lan etenez gain, mozio bat aurkezten ari dira ELA, LAB, UGT eta CCOO sindikatuek Bizkaiko Udaletan. Sopelako EH Bildu arduratu da aipatutako mozioa Osoko Bilkurara aurkezten.

 

Ekaineko mobilizazioak

Bizkaiko kiroldegi eta kirol zelaien hitzarmena duintzeko borrokan daude langileak ekainaz geroztik. Administrazio publikoak bermatu behar duela zerbitzua eta bertan lan egiten dutenen lan baldintzak duinak izan daitezen aldarrikatzen dute.  Horrela, langileek lan-etenak egin zituzten ekainaren 18an, 19an eta 26an, eta ekainaren 27an, greba.

 

EH Bildu Bizkaiko kiroldegietako langileen alde

Sopelako EH Bilduk mozio bat aurkeztu zuen uztaileko plenoan, bere kabuz, CEBEK patronalari exijituz sindikatuekin lan hitzarmen duin bat negoziatzeko. Horrela, EH Bilduk sektoreko hitzarmenek duten garrantzia azpimarratu zuen, udal txiki, ertain eta handien langileen lan baldintzak berdintzeko eta hobetzeko. Mozioaren bozkaketan, EH BILDU eta ELKARREKIN PODEMOS alde agertu ziren eta Udal Gobernua, ostera, ez zen lerrokatu ekimen honekin (DB-TU eta PSE abstenitu ziren eta EAJ-ak kontra bozkatu zuen).