Pasaia

Azken plenoan herritarron bizitzak zentroa hartzea lortu genuen berriro

Pasaiako EH Bilduko sei zinegotziak udalbatzarrean.

Udalbatzarra | 2019-10-30 13:00:00

Pasaiako EH Bilduk atzoko plenoa oso era baikorrean baloratzen du, herritarren bizitza zentroan jartzen duten alorretan adostasun zabalak lortu zirelako, kasu batzuetan aho batekoak.

Bereziki poztekoa da guretzat egungo Pasaiako zahar egoitzaren geroaz plenoan lortutako adostasuna. EH Bildun argi dugu herri gisa defendatu behar dugula Pasaiak behar duen zahar egoitza berria, jada eraikita beharko lukeena, eta horrekin batera zaintza duina eta guztientzakoa. Horretarako da Aldundiarekin Udalak sinatuko duen hitzarmena, zeinak bermatzen duen orain arteko egoitza ere gizarte arloari atxikitua eta, zehazkiago, gure aiton-amonen zaintzari atxikitua iraungo duela beti. Hitzarmenak, beraz, alde guztien artean landu izanak eta adostu izanak pozten gaitu.

Bide beretik, Antxon gaur egun erabiltzen ez diren trenbideen espazioa berreskuratzearen alde lortutako adostasuna oso garrantzitsua da. 800 sinadura bildu ondoren, plenoan lortutako talde guztien babesa gakoa da, gure ustez, hemendik aurrera egin beharreko lanketa partekatuan. Espazio horren berreskuratzeak garrantzi handia du gure herriaren geroari begira.

Egindako lana herritarrei aitortzeaz gain, eskertzen diegu plenoan bertan guztien artean adostasuna bilatzeko azaldutako borondatea, EH Bildurentzat lurrak berreskuratzea bezain garrantzitsua baita ur-laminarekin lotura berreskuratzea.

Aitzitik, ez da nahikoa diagnostikoak eta helburuak adostea. Hauek gauzatzeko burutu beharreko ekimen zehatzak adostu behar ditugu: helburu bat, bide orri bat. Horren alde egingo du EH Bilduk herritarrekin zein udaleko taldeekin.

Zentzu honetan, atzo bezalako adostasunak bilatzen jarraituko dugu beste alorretan ere.

2019-2023 legegintzaldiko lehen 100 egunen balorazioa

| 2019-10-11 13:00:00

Esaten da gobernuak baloratzeko kortesiazko 100 egun utzi behar direla, eta 100 egun baino gehiago egin ditu Izaskun Gomezek zuzentzen duen udal gobernuak, 100 egun zeinetan PSE eta PNVren artean ardurak banatzetik haratago ez duten ezer egin, ez gobernu programarik, ez proiektu nagusien inguruko adostasunik ere. Ardurak banatu eta herritarrekiko arreta orduak murriztu, dena esan beharra badago.

Herritarrek azken hauteskundeetan Pasaiako lehen indar bilakatu gintuzten, eta konfiantza horri erantzunez, ekinbidea hartu dugu EH Bildutik, are gehiago PSE eta PNVren paralisia ikusita.

Izan ere, hauteskundeen aurretik behin eta berriz esan genuen bezala, gure herriaren erronkek talde guztien arteko elkarlana eta adostasuna eskatzen dute, eta berdin pentsatzen jarraitzen dugu. Ildo horretan, azken plenoan proposatu genuen udal talde guztien artean Portuaren ingurumen eraginaren protokoloa berritzeko adostasuna bilatzea, badiaren inguruan bizi eta lan egiten dugunon bizi-kalitatea erdigunean jarriz.

Udal gobernuaren aldetik, ordea, ez da inolako ekimenik martxan jarri. Ez dago berririk lau urteko atzerapenarekin datorren zahar egoitzaz, ezta hamarkadetako atzerapenarekin datorren saneamenduaz, topoaren lurperatzeaz, edota San Pedroko lonjaz. Zeintzuk dira legealdirako gobernu berriaren asmoak? Zeintzuk euren arteko adostasunak? Soilik euren artean ardurak banatzea?

Eta berriro diogu, gakoa ez da soilik udal gobernuko bi alderdiak ados jartzea, talde guztiak ados jartzea baizik; baina lehen indarrari gobernua kendu ondoren, zer gutxiago udal gobernu plan bat izatea eta aurkeztea baino?

Pasaiako EH Bildutik gure herriarentzat proposamenik onenak lantzen, eta herritar, eragile zein beste talde politikoei proposamen horiek eskaintzen jarraituko dugu, herritarrek eman diguten konfiantzari erantzunez.

ALBISTEAK

Martxoak 8: BURUJABETZA FEMINISTA

2020-03-08 09:00:00

Adierazpen instituzionala.

Pasaiako EH Bilduk “Delituaren prebentziorako eta segurtasun plana” aurkeztuko du astelehenean

2020-03-06 10:30:00

Aurkezpena datorren martxoaren 9an izango da, astelehena, arratsaldeko 19:00etan Pasai Antxoko Kultur Etxean.

EH Bilduk gogor salatzen du dagoeneko ondo hornituta dagoen taberna bati diru publikoarekin terraza berri bat ezartzea

2020-02-19 11:30:00

PSE eta EAJ/PNV-ri edukiontziaren erosketa lehenbailehen bertan behera uzteko eskatzen diegu. Edukiontzi hori ez da Pasaiak duen lehentasuna.

U30 Greba Orokorra: planto egiteko unea da

2020-01-29 22:00:00

Pasaiako Udaleko EH Bilduko zinegotziok Eskubideen Kartak deitutako Greba Orokorrarekin bat egingo dugu.