AKTUALITATEA


| 2021-07-21 12:00:00

Pasaiako EH Bilduk kultura “premia biziko ondasun” izendatzeko eskaera egingo du bihar goizeko 8:00tan egingo den udalbatzarrean. Honekin batera, udalak izendapen horrekin bat doazen eta beharrezkoak diren ekintzak abia ditzala eskatuko du, tartean, kultur mahaia osatzea, mahai horretan eragileekin batera programazio kulturala adostea eta indarrean dagoen kultur dirulaguntzen ordenantza – 1998an onartu zena – berritzea.

Pandemiak kultur programazioan eta eskaintzan goitik behera eragin du. Horrela, segurtasun neurriek, eta batez ere, pandemiak sorturiko beldurrak kultur jardueran eta eszenari zuzen-zuzenean eragin diote. Horrek zuzenean bi eragin nabarmen izan ditu: bata, kultur sortzaileen eta profesionalen lan esparrua eta kultur eskaintza apaltzea; bestea, herritarrek beharrezkoa duten kultur produkzioaren eta jai-giro kulturalaren falta.

Sarri esan izan dugu, kultur eskaintzak, herritarren garapenerako ezinbesteko elementu direla eta gure kasuan, euskara eta euskal kulturaren ur emariaren sorburu direla. Honengatik guztiagatik, ezinbestekoa da kulturaren bizi iraupena eta garapena bermatzeko herritik plan bat garatzea eta martxan jartzea.

Kulturaren sektorea, sektore heterogeneoa eta zatikatua da, zeharkakotasun handikoa, eta beste sektore batzuen mendekoa; kulturaz gain, kirolen, industriaren eta turismoaren sektoreen mendekoa, alegia. Baina sektorearen urtarokotasunak eta zatiketak egiturazko ahulezia ematen diote, eta segurtasun juridiko falta larria, orain inoiz baino nabarmenagoa dena. Muturreko egoera bizi zuen alarma-egoeraren aurretik, baina orain egoera areagotu da.

Ezin dugu ahaztu, gainera, kulturak eta askatasun artistikoak oso modu esanguratsuan laguntzen diotela gizarteen dinamismoari, eta beren nortasuna adierazten laguntzen dietela segmentu sozial guztietako kideei, eta, horrek, gizarte-kohesioa eta kulturen arteko elkarrizketa sustatzen dituela. Kulturak herritartasun demokratikoari bide ematen dio, sormena, ongizatea eta pentsamendu kritikoa sustatzen ditu, eta, gainera, integrazioa, kohesioa, aniztasuna, berdintasuna eta pluralismoa bultzatzen ditu. Eta gurea bezalako herri batean zer esanik ez euskal kulturak duen garrantzia.

Horregatik guztiagatik, eta egungo egoera honetan, Pasaiako EH Bilduren udal taldeak hurrengo proposamena aurkeztuko du biharko udalbatzarrean:

  1. Udalbatzak kultura “premia biziko ondasun” izendatzea eta izendapen horrekin bat datozen eta beharrezkoak diren ekintzak abiatzea.
  2. Pasaiako kultur eragileekin adostutako kultur plana osatzea, Pasaiako Kultur Mahaia izaki planaren lehen urratsa.
  3. Kultur dirulaguntzen irizpideak berritzea sektorearekin landuta eta unean uneko egoerari erantzuteko.
  4. Pasaiako Kultur Agenda kultur eragileekin elkarlanean indartzea, indarrean dauden neurriak betez.
  5. Herriko jaietako aurrekontuaren soberakina, halakorik balego, Jai Batzordeekin adostutako ekimen kulturaletara bideratzea urtea amaitu baino lehen.