AKTUALITATEA


| 2021-03-26 14:04:00

2020ko urriaren 28an, Gipuzkoako Batzar Nagusiek ebazpen bat onartu zuten, non Rafaela Romero (PSE-EE) Lurralde Antolamenduko diputatuari eskatzen zitzaion Pasaiako Portuko Kontseilura eraman zezala gaur egun San Pedro eta Donibane lotzen dituen motora MUGI txartel bakarraren sisteman sartzeko proposamena. Gainera, onartutako testuak badiako hainbat puntu (Antxo eta Trintxerpe, adibidez) lotu ditzaketen linea berrien ezarpena aztertzeko azterketari ekiteko proposamena jasotzen zuen. Testu hori bera Pasaiako Udalean onartu zen aste batzuk geroako, EH Bilduk proposatuta.

EH Bilduk salatu nahi du, ebazpen hau onartu zenetik bost hilabete igaro direnean, Romero diputatuak jakinarazpen elektroniko bat bideli diola Pasaiako Portuari, besterik ez, bera arduratzen baita gaur egun motoraren zerbitzuaren kudeaketa lizitatzeaz. Benetan hori dela diputatu honek egingo duen guztia motorra MUGIan sar dadin lortzeko? Korreo bat bidali?

Lotsagarria iruditzen zaigu Portuarekin eta motoraren operadorearekin gestio desberdinak egiteko hainbat hilabete izan ondoren Aldundiak pasaitarrentzat horren garrantzitsua den gai batean beste alde batera begiratzea erabaki izana. Egunero erabiltzen dutenek urteak daramatzate txartel bakarraren sisteman sartzeko eskatzen, horrek dakartzan deskontuez eta abantailez baliatu ahal izateko.

Amaitzeko, dei egiten diegu beste behin ere bai Aldundiari bai Pasaiako Udalari behingoz gai honen buru izan daitezen eta egin beharreko gestioak egin ditzaten, motora MUGI txartelean sar dadin behingoz, are gehiago operadoreak horren aldeko borondatea eta jarrera erakutsi zuela jakinik.