AKTUALITATEA


| 2021-06-05 10:30:00

Pasaiako EH Bilduk operadore-anitza izango den zuntz optikoaren udal sare publikoa eraikitzeko urratsak emateko eskatu dio Pasaiako udal gobernuari. Honen helburua, oraindik zuntz optikoa izateko aukerarik ez duten herritarrei kalitatezko interneterako sarbidea ematea da, sare parte hartzaile baten bidez.

Denok dugu kalitatezko konexioa izateko eskubidea. Barruti, auzo eta kale guztietan. Pasaian badaude, ordea, oraindik zuntz optikoa izateko aukerarik ez duten gune batzuk, tartean San Pedroko alde zaharra eta Donibaneko alde zaharra. Hori dela eta, Pasaiako EH Bildutik enplazamendu publikoa egin nahi diogu, beste behin ere, Pasaiako udal gobernuari lehenbailehen lanean jar dadin eskatzeko.

Eskaera ez da berria. Bizilagunen kezka eta eskaria aspalditik dator. Pandemia egoerak, gainera, telelanaren goranzko nabaria ekarri duena, eskaera hau funtsezko eta premiazko bihurtu du. Hori dela eta, EH Bilduk joan den urteko abenduan egindako zerbitzuen batzordean Izaskun Gomez alkateari beharrezko kudeaketak egin zitzala eskatu zion eta azken plenoan, Gomezi zein San Pedroko alkateorde eta hirigintza arduradun den Nahikari Otermini egindako kudeaketen inguruan galdetu zien. Erantzuna, ordea, betikoa: “horretan lanean ari gara”.

PROPOSAMENA

Horiek horrela, bizilagunek ezin dute gehiago itxaron, horregatik, planteamendu argia eta egingarria proposatu dugu udalean: Zumaiako udalak (EH Bildu) urte honetan zehar martxan jarri duen “Zuntz Optikoa Zumaia” proiektua – zumaiar guztiei udalak eraikitako zuntz optiko sare publikoa eskainiko diena – oinarri hartuta Pasaiako PSEk eta EAJk beharrezko kudeaketak egitea konexio mota hau ez duten kaleetan zuntz optikoaren udal sare publiko operadore-anitza ezartzeko beharrezko urratsak eman daitezen.

Kasko historikoetatik hasita ezarriko litzatekeen sare publikoa, gainera, proba pilotu gisa har lezake udalak eta ondo funtzionatu ezkero, aipatutako sarea udalerriko gainontzeko txokoetara zabaltzen joan. Operazioa, gainera, modu jasangarrian eta ingurumenarekiko era arduratsuan egin daiteke, eta desoreka digitala ezabatzeko balioko du.

Amaitzeko, EH Bildutik azpimarratu nahi dugu sarea publikoa izanik, ohiko operadore handiez gain, tokiko operadore txikiek ere eskaini ahal izango luketela zerbitzua eta honek aukera emango liokeela erabiltzaileari merkatuko eskaintza desberdinen artean bidezko prezioetan egokien deritzon operadorea aukeratzeko, bezeroaren gastuak murriztuz.