AKTUALITATEA


| 2021-07-09 11:15:00

Egunero herriari begiratu eta alde gutxi nabarmenduko dugu azken bospasei urteetan. Proiekturik eta gobernu planik gabeko udal gobernua dugu Pasaian, PSE-EEk eta EAJ-PNVk osatuta. Etsita daude, “es lo que hay” lelopean. Eta hori ez da okerrena, pasaitarrok etsita nahi gaituzte.

Azken bi legealdiotako dinamikak argi erakutsi digu egungo udal gobernua herritarrengandik urruti dagoela, eta erabakiak bulegoetan hartzen dituztela. Alkateordetzak ia desagerturik ditugu eta herriko taldeek zein norbanakoek oso mugatuak dituzte proposamenak egiteko espazioak. Areago, azken legealdi honetan bereziki, udal gobernuak hainbat eragile gutxietsi ditu nabarmen.

Gure herria itotzen duten kanpo erabakien aurrean herri ahots sendoa behar du Pasaiak. Legealdi hasieratik jarri dugu mahai gainean aliantza politikoak egiteko beharra, horretarako, herritarrekin bat eginik, alderdi politikook ere batera egin beharko genuke lan. Baina pareta gogor batekin egin dugu topo etengabe.

Pandemiak gehien kaltetutako sektoreen ondoan egon gara.

EH Bildu elkarlanerako grinaz aritu da etengabe, hamaika dira egin ditugun proposamenak eta beste horren beste gobernuari eskua luzatu diogun aldiak. Legealdi bereziki zaila izan da hau, baita guretzat ere. Baina covid-19ak kolpatutako kolektiboekin egon gara. Horregatik, 2021eko aurrekontuari begira sektore kaltetuenak suspertzeko talka-plana proposatu genuen. Baita kultur eta kirol jarduerei eutsi eta hauek areagotzeko plana ere. PSE-EEk eta EAJk, ordea, albo batera begiratzea erabaki dute etengabe.

Pasaiak anbizioz beteriko udal gobernua behar du. Etsipena alde batera utzi eta herritarron bizi-kalitatea hobetzeko azala utziko duena. Herriko norbanako eta elkarteekin erabakiak partekatuko dituen udal gobernua behar dugu, herrian bizi dena eta herrian bizitza egiten duena. Trintxerpen, Adinberritik eta Zirizatik abiatuta, La Herrerako lurrak bereganatzeko lan egingo duena. Antxon, topoaren lurrazpiratzeak irekiko duen aukera herritarrekin partekatuko duena, Nafarroa Etorbideako bulebarraren alde egingo duena eta Luzuriaga eraikina eskuratzeko ahaleginak egingo dituena. San Pedron, Lonjaren terraza egin eta aparkalekua irekitzeko borrokatuko duena. Eta Donibanen, udako bisitariek eragindako elkarbizitza arazoei tinko aurre egingo diena eta saneamendua lehenbailehen hasteko lan egingo duena.

EH Bildutik, bertatik bertara aritu gara lanean, zuretzat, denontzat, herriarekin eta herriarentzat. 2019tik hauteskunde guztietan lehen indarra izan gara eta ardura izugarri horri erantzuten ahalegindu gara eta ahaleginduko gara baita aurrerantzean ere.

Guk Pasaiaren etorkizuna amesten dugu, zurekin Pasaia gara.