AKTUALITATEA


| 2021-03-04 12:00:00

Gizartean pil pilean dabilen eztabaida dugu azken aldian. Adierazpen askatasunaren garrantzia azpimarratu ohi du Mass Mediak gizarte demokratikoetan bizi garela azpimarratzeko asmoz. Adierazpen askatasunak, ordea, ba omen ditu mugak. Horren aurrean sortzen ari dira hain zuzen ere debateak… mugak bai, mugak ez. Zer da onargarria, zer ez…

Gure kezka, muga horien inguruan baino, mugak NORK eta ZERGATIK erabakitzen dituen gakoan datza. Gizartean ematen ari den eztabaida orokorra praktikan bizitzen ari gara Pasaian eta zehatzago San Pedron. Nor ari da erabakitzen herritarren aldarrikapenak kentzea eta zergatik? Nork du zilegitasuna ofentsiboa dena eta ez dena zehazteko? Nork du zilegitasuna DENA kendu behar dela esateko?

Azken aldian argi ikusi da herritarrek kezka ugari dituztela eta kezka horien aurrean sentitzen duten babesgabetasun eta erantzun ezaren aurrean haserrea adierazi nahi izan dutela. Demokraziak goraipatzen duen adierazpen askatasuna oinarri harturik, zein da ba haserre hori pankarten bidez adieraztearen arazoa? Nor ofenditu dute zuzenki ala pertsonalki? Akaso galdera beste modu batean egin beharko genuke… nor sentitu da pertsonalki ofendituta? Agian hala sentitu denak galde egin beharko lioke bere buruari.

Udalgintza herritarra eta gertukoa behar dugu, udal gobernuak jendeari azalpenak eman behar dizkio, erantzunak eman behar dizkio eta gustuko ez duena entzun ere bai. Hemen sartu ginenok ardura hori hartu genuen. Baina kasu honetan botere faktikoek zentsura erabiltzen darraite… ez al da adierazgarria azken aldian San Pedron duten lehentasun bakarra zentsura aplikatzea dela sentitzea jendeak? Egunotan jasotakoa kritika politikoan gelditu da eta guk ozen adierazi nahi dugu kritika politika oso zilegia dela, eskubide bat dela, dagokionak dagokion momentuan jaso dezakeela eta horren aurrean konfrontazio gehiago sortu beharrean konponbideak bilatu behar direla.

Nahikoa da, San Pedron zentsurarik ez. Has gaitezen herriarekin batera lan egiten eta ez herriaren aurka.

Bide batez eta amaitzeko, baten batek ahaztu balu, Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalaren 19.artikulua atxikitzen dugu hemen.

19. artikulua:

Gizabanako guztiek dute iritzi-eta adierazpen-askatasuna. Eskubide horrek barne hartzen du erlijioa eta sinesmena aldatzeko askatasuna eta bakoitzaren iritziengatik inork ez gogaitzeko eskubidea, ikerketak egitekoa eta informazioa eta iritziak mugarik gabe eta nolanahiko adierazpidez jaso eta zabaltzekoa.