AKTUALITATEA


| 2021-03-15 11:14:00
 
Udal Gobernuak erabakiak langileak informatu gabe hartu ditu.

Administrari-liburuzain udal langilearen lanpostuaren lanaldia luzatzeari dagokionez, erabakia langileak informatu gabe hartu du Udal Gobernuak eta 2019tik lanaldiak erregularizatu gabe egon dira. Erabakia berandu eta gardentasunik gabe hartu da. Honen aurrean, langileekin erabakiak adostea eta egiturazkoak diren lanpostuen lanaldiaren luzapena eraginkorra eta atenporala izatea defendatu dugu. Ezinbestekoa da langileak errespetatzea eta beraiei eragingo dieten erabakien berri ematea, baina Adiek batzorde informatiboa Negoziazio Mahaia baino lehen egin du, erabakiak langileen ordezkariekin adosteko borondaterik ez duela agerian utziz.

Udal Gobernuak 2021eko abenduraren 31ra arteko epea zehaztu du administrari-liburuzainaren lanaldia luzatzeko. Ez da egokia egiturazkoa den lanpostu bat denboraldi batez luzatzea, aurrera eramaten dituen lanak beti izango baitira beharrezkoak. Kezkatzekoa da orain arte lanaldia luzatu ez izana 2019tik funtzio administratiboen alorrean beharrak antzeman direnean. Ordutik eginkizunen akumulazio espedienteak egin behar izan dituzte. Hau Udal Gobernuaren iniziatiba faltaren ondorio argia da.

EH Bildu Orozko bat dator lanpostu honen lanaldia luzatzearekin baina ez dago ados langileei eragiten dieten erabakiak beraiekin adostu gabe eta ezkutuan hartzearekin eta ez dago ados egiturazkoa den lanpostu baten lanaldia aldi batez luzatzearekin.

 

Martxoaren 8ko adierazpen instituzionala: Landu gabe eta konpromiso zehatzik gabe.

Martxoaren 8ko adierazpen instituzionalari dagokionez, landu gabe eta konpromiso zehatzik gabe onartu du Adiek. Ez du politika feministak aldarrikatzeko egin ditugun ekarpenak eztabaidatzeko aukerarik ere eman, ez du egoerak eskatzen dituen araberako konpromiso zehatzik hartu eta ez du inondik inora modu parte-hartzaile batean landu.

Hauek izan dira EH Bildu Orozkok egindako ekarpenak: Onartu berri den Orozkoko III. Berdintasun Planean jasota dagoen bezala, Berdintasun Teknikariaren lanorduen kopurua handitzea. Diru-laguntzen oinarrietan berdintasun klausulak aintzat hartzea. Zaintzarako diru-laguntzak eskaintzea. Zaintzaile ordaindu eta ez ordainduen egoera duintzeko premiazko ekintza eta neurri sorta bat identifikatzea. Eta Orozkoko emakumeen ehun-soziala indartzeko neurriak identifikatzea.

Adiek proposatutako adierazpena herri guztietara bideratuta dago eta ezinezkoa da Orozkon orain ditugun beharrak jasotzea. Horregatik adierazpena sakondu eta zehazteko eta Orozkon ditugun beharretara egokitzeko egin dizkio EH Bilduk ekarpenak adierazpenari. Martxoaren 8 hain garrantzitsu honetan asmo adierazpenenen gainetik,  beharrezkoa da konpromiso zehatzak hartzea baina Adiek proposatutako adierazpenak ez du konpromiso zehatzik hartzen. Egoerak politika feministak aurrera eramateko konpromiso irmoa eskatzen du.

Gainera, adierazpena lantzeko Adiek erakutsi duen jarrera ez da batere egokia izan. EH Bilduren ekarpenak kontuan hartu ez izanaz aparte, Udal Gobernuak ez du egindako proposamenen inguruan eztabaidatzeko aukerarik eman, ez da inondik inora modu parte-hartzaile batean landu.

 

Mozio eta adierazpen proposamenei betoa jarri eta adostu gabeko mozio propioa aurkeztu du Adiek.

Adieren borondate politiko faltaren ondorioz, ezin izan da udal osoko bilkuran landu ez Ibarrako langileek aurkeztutako mozioa ez eta Tubacex eta Valvospainen inguruko erakunde adierazpena. Honen ordez, Adiek, mozio propioa aurkeztu du inorekin adostu eta landu gabe. Erabaki honekin, langileen hitza gutxietsi eta beraien aldarrikapenak ez dira kontuan hartu. Adiek ez du desberdintzen Aiaraldeko enpleguaren defentsa egitea eta Ibarrako langileek bizi duten lan gatazkaren problematika entzutea. Dena zaku berdinean sartu du, langileen eskakizunak albo batera utziz.

Udal bezala, guri dagokigu herritarrak entzun eta dituzten arazoei soluzioak bilatzearen aldeko urratsak ematea, baina, Udal Gobernuak nahiago izan du kaltetuenak direnei betoa jarriz, beraien mozio propioa onartu eta proposatu zaizkien konpromisoen aurrean ez posizionatzea. Tubacexeko langileek gonbidapen bat helarazi zion Orozkoko Udalari beraiekin batera langileen aldarrikapenak babesteko agerraldi batera bertaratzeko. EH Bildu Orozkoko kideok bertan izan ginen baina ez zen Adieko Udal Gobernu Taldeko kiderik agertu, ez ziguten idazkiaren berri eman eta ez zioten deialdiari erantzun. Eta Ibarrako langileek antolatutako mobilizazioetan ere, ez genuen Adieko udal ordezkaririk ikusi. Hitzetaz gain, ekintzen beharra azpimarratu beharra dago.

Tubacexeko langileek gonbidapen bat helarazi zioten Orozkoko Udalari, haiekin batera langileen aldarrikapenak babesteko agerraldi batean parte hartzeko. Orozkoko EH Bilduko kideak bertan izan ginen, baina ez zen Adieren udal gobernuko kiderik agertu, ez zioten gainontzeko oposizioko kideei idatziaren berri eman eta ez zioten deialdiari erantzun. Eta Ibarrako langileek antolatutako mobilizazioetan ere ez genuen Adieko udal ordezkaririk ikusi. Hitzak bai, ekintzak ez.

Gainera, Adieren ekimenez onartutako Herritarren Partaidetzarako ordenantzak arautzen duen bezala, “Orozkoko herritarrek auzo-ekimena gauzatu ahal izango dute, udal-eskumeneko eta interes publiko orokorreko gaietan erabaki-proposamenak edo jarduera zehatzak aurkeztuz” eta alkatearen eskumena da hori ohiko osoko bilkurako gai-zerrendan sartzea (edo ez). Eta hor dago arazoa, alkateak ez du borondate politikorik izan Ibarrako langileen mozioa osoko bilkuran sartzeko, baina bai Orozkoko auzokidea ez den herritar batek aurkeztutako mozio bat sartzeko, eta, horrela, ordenantza eta parte-hartzea bultzatzeko egindako promesak urratu ditu.

 

Mendebaldeko Saharako su-etenaren amaierari buruzko adierazpen instituzionala.

Adierazpen instituzionala aho batez onartu arren, Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoaren aldarrikapenaren urteurrenean saharar herriari elkartasuna adierazteko Saharako bandera udaletxeko balkoian zintzilikatzeko gonbiteari entzungor egin zion Adieko Udal Gobernuak. Beste behin ez dute ezer egin.

 

Espediente zigortzailea hastea.

Alkateak ez zigun baimendu modu urgentean sartu den puntu honen dokumentazioa ikustea. Ondorioz, puntu honetan abstentziora jotzera behartuta sentitu dugu gure burua. Ostegunean, EH Bilduko Udal Talde Politikoak udal osoko bilkuran landuko zen dokumentazioa ikustean, ez zegoen gai honen inguruko informaziorik Udalean eskuragarri eta botoa emateko gaiaren ezagutza ezinbestekoa denez, abstenitu behar izan gara. Ez da batere gardena erabaki informazioa eman gabe hartzea.

 

Hitzak bai. Ekintzak ere bai?

Hitzetan bai baina praktikan ez dago ez parte-hartzerik, ez gardentasunik, ez konpromisorik. Hau kezkatzen gaituen zerbait da, izan ere, ez da kasualitatea, hau ez da pleno batean gertatzen den zerbait isolatua. Adieren gauzak egiteko moduaren isla argia da. EH Bildutik udal ireki, garden, parte hartzaile eta konprometitu bat eraikitzeko lanean jarraituko dugu.