AKTUALITATEA


| 2020-06-21 19:26:00

 

“Eskuina Gobernuan ez sartzeko erabakiorrak bagara, apustu hori egingo dugu”, esan zigun iragan udazkenean Ordizian eman zuen hitzaldian. Eskuineko politikarien geziak jasotzen ditu noiz nahi. Eta beti izan duen hitz jario arin eta errespetuzkoarekin erantzuten die guztiei. Aste hau mugitua izan da Madrilen. CIAren dokumentuen desklasifikatzea eta horren ondotik iritsi diren adierazpenak. Baina hori eta askoz gehiago badira, bi hileko etenaren ostean lan eskerga dutela adierazi digu Jon Iñarrituk. Ordiziara etorri da gurekin mintzatzera.

 

Pasadan udazkenean, Ordizian azkenengoz izan zinean esan zenigun EH Bilduk egin behar duena esaten duela eta esaten duena egiten duela. Hori al da Madrilen gertatzen ari dena?

Hitza eman genuen gure esku baldin bazegoen eskuinak ez zirela Gobernuan sartuko eta horrela egin dugu. Aukera berriak ere sortzen ari dira eta guk zintzotasunez esaten dugu hau ez dela gure ametsetako gobernua, baina arlo sozialean, eskubideenean eta burujabetzaren arloan aukerak sortzen baldin badira, guk akordioetara heltzeko aprobetxatuko dugu eta gure herrira hoberena ekartzeko.

 

Lan erreforma bertan behera uzteko ituna ere norabide horretan joan da. Eta zalaparta sortu du, Madrilen ez ezik, Euskal Herrian ere bai.

Bai. Lehenengo aldia da alderdi sozialistarekin akordio bat sinatzen duguna. Beste garai batzuetan izan dira beste batzuk, baina honek aparteko garrantzia izan du orain, medioetan izan duen oihartzun ikustea baino ez dago. Oso inportantea da krisialdi une handia hel daitekeenean langilea eta gizartea blindatzea. Eta horregatik eskatu diogu PSOEri, eta baita Unidas Podemosi ere, hitza bete dezala eta sinatu genuen akordioari bultzada eman diezaiola.  Lan erreformarenaz gain badago Udalei eragiten dien parte inportantea, hainbesteko oihartzuna izan ez duena, baina EAE eta Nafarroako udalei zorra handitzeko gaitasuna emango diena.

Ulergarria ez dena da EAJk izan duen jarrera. Haserre agertu da eta ez dugu zergatia ulertzen. Gure herriarentzat inork ezer onik lortzen badu, berdin EAJk, edo Podemosek, gu pozik izango gara, gure herriarentzat ona dena guztiontzat ona delako.

 

Gobernuko alderdiekin itun sozial bat lortzeak esan nahi du EH Bilduren presentzia normalizatzen ari dela Madrilgo erakundeetan?

Hamar urte daramatzagu Madrilen eta egoera normaltzen ari da. Pausoak eman dira zentzu horretan eta bi kontuk dute garrantzia. Batetik, talde parlamentarioa ez ukatu izana. Aurreko legealdian ere baldintzak betetzen genituen, baina ukatu egin ziguten. Eta, bestetik, egun parlamentuan dagoen errealitate aritmetikoagatik gobernuak gu behar gaitu zenbait kasutan, eta horrek lehen ez geneukan protagonismoa ematen digu.

EH Bilduk oso kriminalizatuta eta estigmatizatuta jarraitzen du eskuineko sektore mediatiko eta politikoetan, baina gainerako alderdiekin harreman normalizatua dugu.

 

Aste mugitua izan da. CIAren dokumentuen desklasifikatzea, ikerketa batzordea osatzearen inguruko Unidas Podemosen erantzunak …

CIAren dokumentuen desklasifikazioa inportantea izan da, herri honetan bagenekien arren, horrek berretsi egiten baitu. Ikusten ari gara erregimenak, Gobernuak, estatuak, gaia ezkutatu egin nahi duela, afera ahaztua, ikertua eta epaitua dagoela esanez; eta ez da egia. Atentatu gehienak ez daude argituta eta biktimek egia, justizia eta erreparazioa behar dute. Gertatzen da estatu honetan lehen eta bigarren mailako biktimak daudela eta estatuaren bortizkeriaren biktimak bigarren mailakoak bailiran tratatzen dituzte.

Larria da ikerketa batzordea eratzeko proposamenari Pablo Etxenikek emandako kontrako erantzuna. Ostiralean atzera egin eta batzordea babestuko dutela zuzendu zuen arren, onartezina izan zen hasierako postura. Ulertzen dut Pili Zabala minduta egotea.  

 

Orain gutxira arte ezinezkoa zen monarkiaz edo GALen arduradunez hiz egitea. Azken aldian bolo bolo dabiltza gaiok, indar faktikoen medioak isiltzen saiatzen diren arren. Zer aldatu da?

Hedabideak demokratizatu egin dira. Gaur egun oso erraza da informazioa lortzea. Lehen tabua zen eta kazetari batek gai jakin batzuen inguruan hitz egiten bazuen, haien burua ‘seriotzat’ duten medioetan betatu egiten zuten betirako. Frankismotik gentozen eta transizioaren mitoa sortu zuten. Munduaren aurrean eredugarritzat saldu zuten, erregea gizon jatorra zen eta demokrazioa salbatu zuen estatu kolpean. Oso monarkia merkea zela zioten gainera. Pixkanaka, bertatik ez ezik, kanpotik etorri den informazioari esker mito hori jausi egin da eta orain estatu operazio baten aurrean gaude, semea eredu gisa jarri dute aitaren aurrean, horrela monarkia salbatzeko.

Eta Felipe Gonzalezekin eta estatu terrorismoarekin gertatzen ari dena gauza bera da. Felipe Gonzalezek berak aitortu du atentatu bat agintzeko aukera izan zuela eta ezezkoa erabaki zuela, baina ez dakiela damutzen den ala ez. Hori baino adierazpen argiagorik GALen X Jauna nor zen jakitzeko…

Baina ez gaitezen konfunditu. Mitoa desagertzen ari da, baina estatuak bere zutabeak ditu eta ikerketa batzorde bat proposatzen denean, kongresuko letratuek ezetz esaten dute, interpretazio jakin bat egiten dutelako. Eta gauz bera gertatzen da justiziarekin. Estatuaren defendatzaile sutsuak daude eta monarkia defendatuko dute erregimenaren sistema gisa beti. Pausoak ematen dira baina ziklo politikoak luzeak dira gure bizitzarekin konparatuta. Bizitzan 20 urte asko dira; ziklo politiko batean, liburuaren orrialde bat baino ez.

 

Aste honetan Euskal Herrian zehar ibiltzeko mugak ireki dira. Lehendakaria, baina, Kantabriako mugan ikusi dugu…

Berri ona da, horrek esan nahi baitu osasun baldintzak hobeak direla. Hauteskunde bezperan gaude eta dena eskema horretan neurtzen da. Nire iritziz, eta errespetu osoz, irudia barregarria izan da. Ondo dago lurraldeen arteko mugak ireki izana, baina nik Nafarroara edo Iparraldera joateko harremanak, trafikoa eta komunikazioa ireki izana lehenesten dut.

 

Uztailaren 12an hauteskundeak. Zer du EH Blduk eskaintzeko?

Hasierako ideia bera errepikatuko dut: guk esaten duguna egiten dugu eta egiten duguna esaten dugu. Pertsonak lehenetsi behar dira eta hori da egiten duguna erakundeetan: pertsonak, pertsonak, pertsonak. Eta joan berri den Anguitak zionaren omenez: programa, programa eta programa. Bi lehentasun horiek lotuz,  hiru arlo daude erdigunean: soziala, oso garrantzitsua une honetan; askatasunen eta eskubideen afera, eta hor presoen auzia dago, ahalik eta lasterren konpondu behar duguna; eta, hirugarrena, hemen herri bat dagoela eta bere etorkizun instituzionala eta konstituzionala askatasunez erabakitzeko eskubidea duela. Horrekin goaz hauteskundeetara.

 

Bukatzeko, EH Bildutik eskaera egin duzue euskal preso guztiak bisitatu ahal izateko. Zein da egoera?

Gu guztiok bezala, presoak ere isolatuta izan dira bi hilabetez. Deseskalada hasi denean, estatuko hainbat probintzietako presoek bisitak jaso dituzte, baina euskal presoak sakabanatuta daudenez, eta komunikazioak debekatuta egon direnez, ez dute bisitarik izan. Eta bisita horiek berreskuratzen hasi gara.

Ni Andaluziako espetxe batean izan naiz hainbat presorekin, sakabanatuta eta lehen graduan jarraitzen dutenekin. Presoek legezko hainbat eskaera egin badituzte ere, haien eskubideak ez dira aitortzen eta haien egoera ez da aldatzen. Beraz, berriro ere jada bagenekiena konstatatu dugu bisita hauetan: afera politikoa dela, ez legala. Espetxe bateko zuzendariak horixe aitortu berri dio kartzelan urte asko daraman preso bati. Aldaketa txikiren bat ematen hasi bada ere, bada garaia auzia osotasunean konpontzen joan dadin. Horretarako lanean jarraituko dugu.

Mendekuzko kartzela politikarekin amaitu behar dugu ahalik eta lasterren.