Oñati

Albisteak

Larunbateko Herri Batzarra bertan behera geratu da, bizi dugun egoera medio


Oso garrantzitsua da guretzat ariketa hau kolektiboki eta espazio eroso batean egitea. Gure komunitatearekin nahi genukeen moduan elkartzeko baldintzak ez direnez ematen, bertan behera uzteko erabakia hartu da. Hala ere, larunbatean lantzeko genituen edukiak email bidez jasoko dituzte 'elkarrekin.ehbildu.eus' plataforman inskribatuta dauden guztiek

| 2021-01-26 22:59:00

10 urte. Erraz esaten da. Hori da, hain zuzen ere, 2011ko maiatzean lehen aldiz hauteskunde batzuetara aurkeztu ginenetik igaro den denbora. Urteak azkar igaro diren sentsazioa eragin dezakeen arren, atzera begiratu eta ordutik egindakoari erreparatuz gero, askorako eman duela konturatzen gara. Egindako ibilbidea ez da nolanahikoa izan.

EH Bildu indartsu sartu zen Euskal Herriko agertoki politikoan, alkatetza ugarirekin eta inork gutxik aurreikus zitzakeen emaitzak eskuratuta. Batzuek hondamendia iragarri zuten, baina denborarekin, kudeaketarako eta gobernatzeko gaitasuna ez ezik, herri honentzat ezkerreko alternatiba sendo bat garela erakutsi dugu. Bizi ditugun garai konplexu hauetan errezeta zaharretara eta gutxi batzuentzat gobernatzera mugatzen direnen aurrean, gauzak beste modu baten egin daitezkeela erakusten jarraitzen dugu.

Bidean, euskal herritar gero eta gehiagoren ilusioa piztu duen egitasmoa izan da EH Bildurena. Lehenengo eguneko ilusioa, itzaltzetik urrun, areagotzen eta zabaltzen joan da. Gaur, hasieran baino komunitate zabalagoa eta anitzagoa osatzen dugu, eta aurrera begira ere bide horretatik jarraitu nahi genuke. Guztiongatik eta guztiontzat sortutako proiektua delako gurea.

Zentzu horretan, aurtengo ikasturtean inflexio puntu garrantzitsua izan nahi duen EH Bilduren II.Kongresua burutzea dagokigu. Duela lau urteko kongresuan zehaztutako norabidean sakontzen jarraitzea da erronka: herri honentzako ezkerreko alternatiba gisa sendotzea, gure eskaintza politikoa eguneratzea eta komunitate politiko gisa hazten jarraitzea.

Oñatin, urtarrilak 30, larunbata, ginen prozesu honi hasiera ematekoak, goizeko 11:00etan Gaztelekuan deituta genuen herri batzarrarekin. Bertan, egoera politikoaren azterketa partekatu, kongresuak jarraituko duen prozesua azaldu, eta herriko urteko plangintza aurkeztea zen gure asmoa. Hala ere, bizi dugun egoeraren ondorioz, batzarra bertan behera utzi behar izan dugu, ez daudelako gure komunitatearekin nahi genukeen moduan elkartzeko baldintzak. Oso garrantzitsua da guretzat ariketa hau kolektiboki eta espazio eroso batean egitea, are gehiago, pandemiaren eraginez herri batzar bat egin gabe urte bat baino gehiago daramagun honetan. Ikuspegi bikoitzetik heldu nahi diogu abiatzera goazen hausnarketa prozesu honi, perspektiba nazionaletik eta lokaletik, guztion artean herri honek behar duen EH Bildu eraikitzen jarraitzeko.

Egoera hau izanik, planteamendua aldatu behar izan dugu, eta larunbatean lantzeko genituen edukiak email bidez jasoko dituzte elkarrekin.ehbildu.eus plataforman inskribatuta dauden guztiek. Bide batez, prozesu honetan parte hartzeko interesa duten guztiak aipaturiko plataforman izena ematera animatzen ditugu, hori izango baita egoera honek dirauen bitartean gure artean komunikatzeko bide nagusia. Bertatik helaraziko dira egutegia, arautegia eta ponentziak. Norbaitek zalantzarik edo arazorik izango balu, modu berean, gurekin harremanetan jartzera gonbidatzen dugu, onati@ehbildu.eus helbidera idatzita. Horretaz gain, gogorarazi nahi dugu afilizazio kanpaina bat ere abiatu dugula, eta Bilkide kopurua handitzea izango dela hurrengo hilabeteetako beste erronketako bat. Zehaztuko ditugu horretarako bideak ere.

Hemendik eta ekainera bitartean hiru herri batzar burutzea zen hasierako asmoa, eta lehenengoa bertan behera utzi behar izan dugun arren, azpimarratu nahi dugu gure asmoa posible denean modu presentzialean elkartu eta ariketa honi kolektiboki ekitea dela. Gaurko agerraldiaren bidez, beraz, herritarrak prozesu honetan parte hartzera animatu nahi ditugu. Guztion ekarpenak beharrezkoak dira eta, guztion artean, hobeto pentsatzen dugu. Animatu eta parte hartu!